«Margolaria edonor izan daiteke, artista izatea beste kontu bat da»
Victor Goikoetxea (Urretxu, 1965) artista urretxuarrak ‘Mundo Mejor’ erakusketa irekiko du gaur, 19:00etan, Juan de Lizarazu aretoan. Antiguoko tunela berak margotu zuen. Zer ikusi daiteke Urretxuko erakusketan? Marrazki asko daude,
Victor Goikoetxea (Urretxu, 1965) artista urretxuarrak ‘Mundo Mejor’ erakusketa irekiko du gaur, 19:00etan, Juan de Lizarazu aretoan. Antiguoko tunela berak margotu zuen.
Zer ikusi daiteke Urretxuko erakusketan?
Marrazki asko daude, herrira lan figuratiboak ekartzea erabaki baitut. Zestoako Lili jauregikoak ziren ate batzuetan margotutako aitona-amonak, MiramArt egitasmoko maketa (Antiguoko tunela)… ere ikus daitezke. Denetarik egiten dut. Ez diot nire buruari mugarik jartzen. Ideiak edukitzea eta sortzailea izatea da kontua. Teknika ikasi egiten da. Margolaria edonor izan daiteke, artista izatea beste kontu bat da.
Erakusketari Mundo Mejor izena jarri diozu. Urretxuko auzo horretan jaio zinen.
Mundo Mejorren jaio nintzen eta Juan XXIII.a ikastetxean ikasi nuen. 15-16 urterekin joan ginen, baina kuadrilla hemen dut.
Nolatan suertatu da Urretxuko erakusketa?
Ez dut nire lana herrietan erakusteko ohiturarik, baina urte hasieran Urretxuko Udala nirekin harremanetan jarri zen eta baiezkoa eman nuen. Izan ere, ilusioa egin zidan. Hernanin bizi naiz eta mundu osoan zehar ibili naiz, baina Urretxukoa naizela esaten dut beti.
Umetan artista izan nahi al zenuen?
Ez, ez… Ez nuen ikasi nahi eta 14 urterekin pintore lanetan hasi nintzen. Zumarraga anaiekin asko ikasi nuela gogoratzen dut. Izan ere, beraiek prestatzen zituzten margoak. Ondoren, Donostiara joan nintzen. Nire pintura enpresa sortu nuen eta bederatzi langile izan nituen. 30 urterekin, enpresa langileei eman eta Parisera joan nintzen arte ikasketak egitera. Margotzea gustatzen zitzaidan, baina autodidakta nintzen. Hala, denbora asko galtzen da. Ikasketak egin behar dira eta EHUko doktore batek Parisera joatea gomendatu zidan. Ikasketek ez dute amaierarik. Azkeneko masterra duela lau urte egin nuen, Florentzian.
Donostiako Vetus Art galerian ere erakusketa ireki duzu.
Hernani kalean dago, Alderdi Ederren. Tokia zoragarria da eta galeria ere bai. Zumarragako Cibrian familiarena da. Bisitari asko gerturatzen ari dira eta salmentak oso onak izaten ari dira.
Antiguako tuneleko margolan ikusgarria zuk egin zenuen.
Nire ekimena izan zen. Donostia 2016 zela eta, artistok egitas-moak aurkeztu genituen. Niri tunelean inork sekula ezer egin ez izana sinesgaitza iruditzen zitzaidan eta tunela marraztea proposatu nuen. Donostia 2016k atzera bota zuen, lan inmaterialak lehenetsi baitzituen. Baina Donostiari ondare bat utzi nahi nion eta egitasmoa udaletxean aurkeztu nuen. Babesleak lortuko nituela esan nien eta baiezkoa eman zidaten. La gula del norte enpresaren laguntza lortu nuen. Azkenean, Donostia 2016ren barne sartu zen eta beste enpresa batzuek ere bat egin zuten. Ideia onekin eta ondo lan eginda, finantziazio mistoa lor daitekeela uste dut. Nire ustez, artista ezin da instituzio publikoen diru laguntzen menpe bizi. Artistak partikularren laguntza lortu behar du. Beti hala izan da, Medicitarren garaitik. Baina hori lortzeko ate asko jo behar dira, mundu osoan.
Beste lan handi batzuk ere egin dituzu.
Donostiako udaletxeko areto nagusia berritu nuen eta Aquariumeko ateak egin nituen, besteak beste. Urretxun ere zer edo zer egitea gustatuko litzaidake. Urretxuren azken mendeko bilakaera islatu nahi nuke.
Teknologia berriak erabiltzea gustuko duzu.
Ahalik eta jende gehienarengana heltzea gustatzen zait, komunikatzea, eta teknologiek horretarako aukera ematen dute. Antiguoko tuneletik bost milioi pertsona pasa dira urtebetean eta telefonoz beraien iritzia emateko aukera eduki dute. Alde Zaharrean, berriz, bi eskultura jarri ditut. Makina batek ikusleen keinuak hartzen ditu, gustatu zaien edo ez jakiteko.