Miren Amurizak jaso du Igartza Saria
Miren Amuriza bizkaitarrak (Berriz, 1990) irabazi du Igartza Saria, Paperezko txoriak lanaren proiektuarekin. Elkar argitaletxearen Donostiako egoitzan egin dute literatur bekako sariaren aurkezpena. Igor Estankonak, Garazi Kamiok eta Ana Jakak osatutako epaimahaiak aukeratu du haren lana, aurkeztu diren 20 proiektuen artean. Amurizak azaldu duenez, lana Bizkaiko herri txiki bateko baserri batean kokatuta dago, eta emakumezko hiru belaunaldiren istorioa kontatuko du, “Sabina amona, Karmele alaba eta Oihal biloba” protagonista hartuta.
Amuriza bertsolaritzaren munduan egin da ezagun, eta zutabegile lanetan ere aritzen da Berria egunkarian. Haurren literatura arloan aritu izan bada ere, hau izango da helduentzako idatziko duen lehen eleberria. Igartza Sariak martxan diren liburuen proiektuak laguntzen ditu 6.000 euroko bekarekin, eta saridunak urtebeteko epea izaten du bere lana bukatzeko. Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak idazle gazteak laguntzeko antolatutako beka da Igartza Saria.
Gaur, 19:00etan, Igartza jauregian egingo dute jendaurreko ekitaldia. Bertan, Amurizari saria emateaz gain, iaz “Karramarroa trostan” lanarekin irabazi zuen Ekaitz Goienetxeari sariaren bigarren zatia emango diote.
IGARTZA SARIAK: · 1998. Julen Gabiria. “Connemara gure bihotzetan”. · 1999. Xabier Etxeberria. “Egun denak ez dira berdin”. · Akzesita: Jasone Osoro. “Korapiloak”. · 2000. Fernando Morillo. “Ortzadarra sutan”. · 2001. Unai Elorriaga. “Van`t Hoffen ilea” · 2002. Julen Gabiria. “Han goitik itsasoa ikusten da”. · 2003. Asel Luzarraga. “Karonte”. · 2004. Karmele Jaio. “Amaren eskuak”. · Akzesita: Peru Magdalena. “Lile” · 2005. Uxue Alberdi. “Aulki bat elurretan”. · 2006. Jon Martin. “Ero”. · 2007. Katixa Agirre. “Habitat”. · Akzesita: Irati Jimenez. “Nora ez dakizun hori”. · 2008. Eider Rodriguez. “Katu jendea”. · 2009. Uxue Apaolaza. “Mea culpa”. · 2010. Garazi Kamio. “Beste norbaiten zapatak”. · 2011. Goiatz Labandibar. “Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak”. · 2012. Danele Sarriugarte. “Erraiak”. · 2013. Mikel Ayllon. “Ez tiro egin anbulantziei” · 2014. Unai Villena. “Hauts haietatik” · 2015. Kattalin Miner. “Nola heldu naiz honaino”. · 2016. Ekaitz Goienetxea. “Karramarroa trostan”. · 2017. Miren Amuriza. “Paperezko txoriak”.