Legazpiarrak festatan dira, Agorreko Santikutzak ari dira ospatzen atzoz geroztik eta egitaraua bihar arratsaldera arte luzatuko da. Gaur goizean erraldoiak eta sukaldariak izan dira protagonistetako batzuk.
Erraldoien konpartsak herriko kale nagusiak zeharkatu ditu eguerdira bitartean, musikariek eta eguraldiak lagunduta. Konpartsa Añorgako eta Ordiziako erraldoiek, Barakaldokoek (Bizkaia) eta Borjakoek (Zaragoza) osatu dute, Legazpikoekin batera. Arratsaldean ere ateratzekoak dira.
Sukaldariak, berriz, Azokako arkupeetan aritu dira txerri masailak prestatzen, 12 talde guztira. Eguerdian, Esteban Pinillak, Idoia Lasak eta Josema Azpeitiak osatutako epaimahaia lanean hasi da eta 14:00ak pasata, irabazleen izenak jakinarazi dituzte. Aurtengo irabazleak La Bellota zentro extremadurarreko Ana Sanchez eta Francisca Caballero izan dira; bigarrenak La Salle eskubaloi elkarteko Cesar Parra eta Esteban Markinez, eta hirugarrenak Peru Alustiza eta Irati Gonzalez.
Jaiek aurrera darraite eta beste ekitaldi batzuren artean, gaueko Gozategi musika taldearen kontzertua dago. Emanaldia 23:30ean hasiko da, plazan edo Azokan, eguraldiaren arabera.