Florian Rabensteiner eta Vera Hofer garaile Beasaingo monoziklo txapelketan
Munduko 15 monoziklista onenetakoak elkartu dira gaur Beasainen, Orekan Bizi Naiz kirol elkarteak antolatutako downhill modalitateko txapelketa jokatzeko. Irabazlea, munduko txapelduna den Florian Rabensteiner izan da; bigarren, segundo bakarrera, 16 urteko Michael Rabensteiner sailkatu da, eta hirugarren, Lukas Huber. Emakumezkoetan hauxe izan da podiuma: Vera Hofer irabazlea, Laura Baumgartner bigarrena eta Aleix Baumgartner hirugarrena. Mark Fabianek, berriz, jauzirik onenaren saria jaso du.
Monoziklistek bost aldiz jaitsi behar izan dute Sagastiguti parketik Bideluze plazaraino, bidean malda gogorrak eta hainbat oztopo gaindituz. Erlojuaren aurka aritu dira, eta bost jaitsieratan batez beste denborarik onenak egin dituztenak izan dira irabazleak.
Probak zaletu eta ikusle ugari elkartu ditu ibilbide osoan zehar, batez ere Bideluze plaza inguruan, eta antolatzaileak oso gustura geratu dira txapelketak izan duen harrerarekin.