Urretxuarrei haragi bolak gustatzen zaizkie
Haragi bolak ardo beltz erara. Horixe da Santa Anastasia jaietako gastronomia lehiaketan prestatu beharreko platera. Gernikako Arbola plazako karpa lehiaketa hori irabazteko asmoz dabiltzan sukaldariz beteta dago. Guztira 50 talde
Haragi bolak ardo beltz erara. Horixe da Santa Anastasia jaietako gastronomia lehiaketan prestatu beharreko platera. Gernikako Arbola plazako karpa lehiaketa hori irabazteko asmoz dabiltzan sukaldariz beteta dago. Guztira 50 talde ari dira lanean, adin askotakoak. Iluntzean emango da jakitera zeinek prestatu dituen Urretxuko haragi bola onenak.
Galela elkarteak antolatu du aurtengo edizioa, 41.ena. Urte askoan Akelarre elkarteak antolatutako lehiaketa da hau, baina duela urte batzuk lan horiek utzi eta beste talde batek hartu zuen antolaketa lana. Galelak, Gastronomia Lehiaketaren Lagunak, duela 3 urte hartu zuen erreleboa, baina datorren urtean uztekotan dira, lau urterako hartutako konpromisoa amaitzen delako. Hori dela eta, errelebo bila dabiltza dagoeneko, hurrengo edizioa berriei antolaketa lanak erakusteko baliatu nahian.
Idi probak eta beste
Ez da gastronomia lehiaketa Santa Anastasietako bigarren eguneko ekitaldi bakarra. Goizean ganadu erakustaldia eta lehiaketa egin dira, idi probak eta folklore jaialdia dira arratsaldeko ekitaldietako batzuk, eta gauean, besteak beste, txistularien kontzertua eta Gatibu taldearen emanaldia izango dira.
Idi proban hiru bikotek hartu dute parte: Ipeñarrietakoak, 1.340 kiloko pisuarekin; Apain jatetxekoak, 1.380 kilorekin; eta Korta Erretegikoak, 1.260 kilorekin. Irabazlea Ipeñarrietako idi parea izan da, Asier eta Ander Izagirre aita-semeak gidari zituztela; 36 plaza egin dituzte. Bigarrenak Kortakoak izan dira, bi metro azpiko diferentziagatik; Apainekoak hirugarrenak izan dira.