
Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketa jokatu dute gaur Seguran. Jon Martin izan da garaile, 673,5 punturekin. Haren atzetik gelditu dira Nerea Elustondo (665,5) eta Beñat Iguaran (655,5). Martin zuzenean sailkatuko da final erdietarako; gainontzekoek berriz, puntuen dantzari itxaron beharko diote.

Gaztelumendi eta Elustondo
Kosta egin zaie erritmoa hartzea bertsolariei. Binakako saioetan, Nerea Elustondok eta Jon Martinek hamarreko txikian egin duten lana izan da onenetako bat; gaixo duten amaren zaintzaz eztabaidan ari diren anai-arreben rolean jarrita.
Kartzelako gaian txukun aritu dira denak ere. Gaiak joko askorako ematen zuen. Prentsaurreko batetik alde egin behar izan duenaren tokian jarri dituzte bertsolariak. Gaztelumendik Gaizka Garitano entrenatzailearen pasartea ekarri du gogora. Elustondok ere futbolaren gaia aukeratu du, baina beste helduleku batetik, emakumezko futbolari baten tokian jarri baita; txalo zaparrada handia jaso du legazpiarrak. Felix Zubiak eta Ander Fuentesek Kataluniako gaiari heldu diote. Jon Martin izan da gaiari ukiturik ezberdinena eman diona, finalean seigarren gelditu den bertsolariaren ahotik aritu baita. Azkenik, Beñat Iguaranek Mikel Goñiren papela hartu zuen.
Doinu berezi batzuk ere entzun ahal izan dira saioan zehar. Jon Martinek
L’Estaca kantu ezaguna aukeratu du agurrerako. Nerea Elustondok berriz, kartzelako gaian
Ama Euskadi abestiaren doinua aukeratu du.
Bertso egun betea izan dute gaur Seguran. Izan ere, Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketaz gain,
Bertso Eskolen topaketa ere egin dute egunean zehar Seguran.
SAILKAPENA
- Jon Martin ……………………. 673,5
- Nerea Elustondo …………… 665,5
- Beñat Iguaran ………………. 655,5
- Ander Fuentes ……………… 669,5
- Unai Gaztelumendi ………. 620
- Felix Zubia …………………… 594
Bihar, Apalategiren eta Iguaranen txanda
Bertsolari Txapelketa Nagusiak bihar jarraituko du, Leitzan. Iñaki Apalategi beasaindarraren eta Idiazabalen bizi den Oihana Iguaranen txanda izango da. Harekin batera ariko dira Agin Laburu, Julio Soto, Oihana Bartra eta Unai Agirre. Saioa Leitzako Udal Kiroldegian izango da, 17:00etan hasita.