'Hur Xenda' ikuskizuna Idiazabalen eskainiko dute larunbatean
Muskildin (Zuberoa) duela bi urte sortutako herri ikuskizuna da Hur Xenda. Herritar eta herriko kultur taldeen parte-hartzearekin, dantza eta kantu ikuskizun berri bat sortu zuten, herritarren arteko harremanak sendotuz eta herri kohesioa nahiz eta kultur sorkuntza bultzatuz. Hala, desagertzear zeuden kantu zaharrak berreskuratu eta dantza koreografia berriak sortu zituzten. 7 eta 77 urte arteko 90 bat herritarrek parte hartu zuten bertan. Ekainaren 16 eta 17an egin zuten ikuskizuna Muskildiko paraje eder batean. Idiazabalgo herriak ere parte hartu zuen saio hartan, bertako txalapartariak, Axari Dantza Taldekoak eta hainbat herritar joan baitziren.
Bi herrien arteko anaitasun harreman horrek asteburuan izango du jarraipena, oraingoan Muskildiko herritarrak izango baitira Idiazabalera etorriko direnak. Muskildin eta Maulen egindako saioen ondoren, ikuskizun hori Hego Euskal Herrian eskainiko duten aurreneko aldia izango da. Emanaldia larunbat gaueko 21:00etan izango da, kiroldegian.
Sarrerak salgai
Hur Xenda ikuskizunerako sarrerak aurrez eros daitezke, 5 euroan, Izpar dendan. Egunean bertan ere jarriko dituzte salgai. Saioaren ondoren, afaria egingo dute kiroldegian bertan. Afariko txartelak ere salgai daude, 10 euroan.