Antzizar kiroldegiko langileek elkarretaratzea egin dute Beasaingo plazako eskaileretan.
Antzizar kiroldegiko langileek “hitzarmen duinaren” aldeko borrokan jarraitzen dute oraindik ere. Gaur elkarretaratzea egin dute, eta ostegunean, auto karabana eta poteo aldarrikatzailea egingo dute. Datorren asterako, berriz, hilaren 25erako eta 26rako greba deialdia egin dute.
ELAk gogoratu duenez, 140 egun daramatzate mobilizazioetan: «Martxoan hasi zen negoziazioa, urrian gaude eta berdin jarraitzen dugu, aurrerapausorik txikiena ere eman gabe». Langileek beraien eskarien plataforma aurkeztu bazuen ere, «beti bezala, enpresak proposamenik ez egiteaz gain, lurrera bota du gurea, platatormaren puntu guztiak ukatuz». Enpresak bere aldetik, bere proposamena irailerako aurkeztuko zietela «hitz eman» zien langileei, baina «ez du bete. Ez dute batere asmorik agertu akordio batera heltzeko. Ez dute ezer proposatu, ezarpenaren bidetik jokatu dute».
Era berean, «udalak behin eta berriz dio ez dela bere ardura negoziazioan sartzea, baina ez dugu ahaztu behar gurea zerbitzu publikoa dela: instalazioen kudeaketa azpikontratatzen da, baina erantzukizuna politikoa da». Egoera horren aurrean, mobilizazioak egingo dituzte, «negoziazio adeitsu eta arrazoizkoa lortzeko asmoz».
Erabiltzaileen aldetik, «orain arte egin duten bezala, egoera eta eskaerak ulertzea» espero dute langileek.