130 mota ezberdinetako perretxikoak ikusgai Asteburu Mikologikoko azken egunean
Larunbat goizean perretxikoak bildu eta honen ostean Lekanazpi elkartera eramateko deialdia egin zieten Legazpiarrei Beti Gazte taldetik. Honen truke salda eta txorixo egosia banatu zuten. Behin perretxikoak bilduta, Aranzadi elkarteko kideak arduratu dira hauek sailkatzeaz; guztira 130 klase ezberdinetako perretxikoak jarri dira ikusgai 11:00tatik aurrera azokako arkupeetan egin den erakusketan.
Beti Gazte taldeko kideek, bildutako aniztasuna azpimarratu badute ere, aipatu dute aurreko urteetan baino gutxiago jaso dela. Hori azaltzeko, bi arrazoi nagusi ikusten dituzte; batetik, mendia oso lehor egotea, eta bestetik atzo eguraldi txarra egin zuenez, jende asko etxean geratzea.
Hala ere, perretxiko dastaketa bermatuta egon da. Iaz bezala, Asochamp elkartearen laguntza izan dute, eta hauek kultiboko perretxikoak eskaini dituzte.