
Beasaingo CAF konpainiak kontratu berriak pilatzen jarraitzen du. Aste honetan beste bi lotu ditu; Suediarako 12 tranbia egitekoa bata; eta bestea, Belgikako tranbien hornikuntzari dagokiona.
Suediako Stocholm hirirako beste 12 tranbia egingo ditu CAFek, 37 milioi euroren truke. 2019ko urte bukaeran entregatzea aureikusten dute. CAFek 2010. urtean sinatu zuen lehen kontratua Suediako garraio konpainiarekin. Orduan 15 egin zituzten, baina gerora etorri diren eskariak eta orain sinatu dutena kontuan izanda, 42 unitate dira guztira.
Tranbiak Urbos plataformakoak dira, eta konpainiaren arabera “fidagarritasun handia” bermatzen dute. Eskandinaviako baldintza klimatiko gogorretarako prestatutako unitateak dira, muturreko hotzei (-40º arte) eusteko gai direnak.
CAFek azaldu du kontratuak “garrantzia handia” duela, Suediako operadorearen “konfiantza” erakusten baitu.
Flandriarako tranbien hornikuntza kontratua
Suediakoa ez da izan CAFek aste honetan itxi duen kontratu bakarra. Izan ere, Flandriako De Lijn garraio konpainiarekin 146 tranbia hornitzeko kontratua itxi du. Tranbia horiek Anberes, Ekialdeko Flandria eta Mendebaldeko Flandria probintzietarako izango dira. Proiektu horren esleipena 2016an sinatu zuten, eta orain sinatu den agiriaren bidez, kontratu horretako lehen bi loteak aktibatu dira, guztira 48 tranbia fabrikatzeko. Operazio horren zenbatekoa 100 milioi euro ingurukoa izango da.