Gorriari aurka egiteko, morea
Mexikoko Juarez hirian izandako emakumeen hilketak eta desagerketak salatzeko, Zapata Gorriak instalazio artistikoa egin zuen Elina Chauvet artista mexikarrak. Emakumezkoen zapatak gorriz tindatu zituen, heriotza irudikatuz. Gaur Lazkaon, artelan haren errepresentazioa egin dute, emakumeen kontrako indarkeria salatzeko. Gorriari, kolore morearekin erantzun diote.
Lazkaoko hainbat elkartek eta eragilek elkarlanean antolatutako ekitaldia izan da gaurkoa. Goizetik, Zapata Gorriak artelanaren errepresentazioa prestatzen aritu dira, eta eguerdian, ekitaldia egin dute. Emakumeen kontrako indarkeriarekin bukatzea “denon ardura” dela gogorarazi dute bertan.
Oin Arin taldekoen dantza emanaldiarekin eta herrigunean barrena egin duten gizakate morearekin bukatu dute eguna.