
Legazpiko Haztegi ikastolakoek Merkatu Txikia egiten ari dira gaur. Eguraldi txarra dela eta, ikastolaren atzeko patioan jarri dituzte postuak. Bertara gerturatu direnek izan dute zer erosi; jostailuak, arropak, liburuak, diskak etabar luze bat. 11:30ean Haztegiko ikasleek dantzatutako aurreskuaren eta abestutako bertsoen segidan, aurtengo merkatu txikia ireki dute. Saldutakoarekin lortzen duten dirua, DBH4ko ikasleen ikasbidaiarentzat izango da.

12:30ean berriz, ikastolaren 50.urteurrena dela eta Ane Belokik idatzitako bertsoarekin, plaka bat jarri dute. Horrez gain, urteurrenaren harira, ikasturtea amaitu aurretik egingo dituzten ekintzak aurkeztu dituzte; mendi irteera, flashmoba, kontzertuak, argazki erakusketa eta mahai inguruak, besteak beste.
Arratsaldean berriz, Martin Pipas etorriko da Olentzerorentzat gutunak jasotzera eta guraso talde batek prestatuko jaiotza ere irekiko dute. Egun guztian izango dira ekitaldi nagusi honen inguruan antolaturiko jolas, kanta, eta musika emanaldiak.
Santo Tomas bihar
Bestalde, Domingo Agirre eskolak, Olazabal institutoarekin batera, Santo Tomas azoka Legazpira eramango du. Plazako Azokan egingo dute bihar 11:00etan hasita.
Eskolako ikasle bakoitzak talo bat doan izango du eta txartelak bihar banatuko dituzte azokan.
Hainbat txoko jarriko dituzte. Talo txokoa, xaboi naturalen txokoa zeinetan eskolan egindako xaboiak salduko dituzten, gaztagintza txokoa, gaztain erreen txokoa, baserriko tresnak zein barazkiak ikusgai jarriko dituzte, saskigintzaren txokoa, abarkagintzarena eta asto txu-txu bat ere umeak atzera eta aurrera ibili daitezen. Txerri zozketa 13:45ean egingo dute eta irabazlea bertan izan beharko da, bestela zozketa errepikatuko dute.