Etxean jokatuko du Ampo Ordiziak Cisnerosen aurka, larunbat arratsaldean
Errugbiko ohorezko dibisioko 18. jardunaldia jokatuko dute asteburu honetan. Ampo Ordizia eta Complutense Cisneros izango dira aurrez aurre, Altamirako estadioan, larunbatean 17:00etan. Madrilgo taldea sailkapeneko 8. postuan dago, 34 punturekin. Aurreko astean UE Santboianari erraz irabazi zion, eta garaipen honekin beheko postuetatik urrundu da. Ordiziarrak azkeneko lau partiduak irabazi dituzte eta bosgarrena irabazteko lehiatuko dira.
Cisneros-ekoek joko alaia eta arriskutsua egin ohi dute, batez ere atzeko lerroan. Goierritarrek, baloia eta zelaia nolanahi ezin dituztela oparitu jakin behar dute. Beraz, hankako jokoa oso zehatza izan behar da. Hiru laurdeneko lerroko hiru jokalari ez dira Cisnerosekin arituko, Las Vegasen ospatzen ari den sevena jokatzen ari baidira. Horrek ere adierazten du taldearen maila ona.
Marotias eta Garmendiaren jokalariek partidu hau ere irabazi nahi dute, sailkapeneko bosgarren tokia ondo lotzeko asmoz. Senor Independientek kale egingo balu seguruago izango litzateke. Kantabriarrak laugarrenak dira sailkapen nagusian. Nahiz eta azkeneko lau partidak jarraian irabazi, bere jokoa eta, batez ere, bere kontzentrazioa hobetzeko ahalegina egin behar dute Ordiziakoek. Izan ere, Getxon irabazi eta bost puntu lortu arren, azkeneko 60 minutuetan 28-12ko partziala egin zuten, eta hori zuzentzen saiatuko dira goioerritarrak
Neurketa honetan Fernado Lopez eta Julen Goia ez dira taldean izango, arratsalde berean Georgian egongo baitira Sei Nazioetako B mailako partidua jokatzen.
Partidua hasi aurretik minutuko isilunea egingo dute Altamiran, aste honetan utzi gaituen jokalari ohi, bazkide eta zalea zen Xabier Sabino Yarzabalen alde.