Txindoki eta Aralar, gaur goizean, Beasaindik hartutako irudian. // Argazkia: A. Apalategi
Udaberri giroa bazetorrela zirudien, baina neguak ez du oraindik esan adiorik. Atzera ere, elurra egingo du gaur-biharretan. Hori dio behintzat eguraldiaren iragarpenak. Laino eta ostarteekin esnatu da eguna Goierrin, baina eguerditik aurrera etorriko da aldaketa. Fronte hotza iritsiko da, eta euri zaparradak eta trumoiak ekarriko ditu berekin; tarteka kazkabarra ere bota dezake. Gauerako, elur maila 200-300 metro artean kokatuko da.
Hori dela eta, abisu horia eman dute gaurko, baina iluntzetik aurrera, alerta laranja bihurtuko da barnealdean, eta astearte eguerdira arte iraungo du. Izan ere, Gaurtik bihar goizera arteko gaua izango da okerrena. Elurra 200 metroan egin dezake, baina ekaitz guneetan, beherago ere zurituko du. 600 metroan, 5-15 zentimetro artean egin dezake.