Beasain bigarren jarri da, Santutxuri 1-0 irabazita
Beasain 3. mailako sailkapeneko bigarren postuan jarri da, asteburuan Santutxuri irabazi eta gero. Partida zaila izan dela aitortu du klubak, talde bizkaitarra “ondo posizionatuta” atera baitzen, “defentsa lan handia” eginez.
Aurreneko zatia oso parekatua izan zen. Aurreneko minutuan Izagirre lesionatu egin zen, eta aldaketa egin behar izan zuen etxeko taldeak. Pare bat aukera izan zituzten, baina Santutxukoak fin ibili ziren defentsan.
Biharren zatian ordea, Beasainek arrisku jokaldi gehiago egin zituen, eta 58. minutuan, Artolaren gola iritsi zen. Bigarrena egiteko aukerak ere izan zituzten, Pachecok egindako jokaldi banatan, baina bizkaitarren atezainak gelditu zituen biak.
Garaipen horri esker, sailkapenean postu bat igotzea lortu du Beasainek, eta bigarren jarri da, 53 punturekin, Sestao Riverri aurrea hartuta. Datorren asteburuan Donostian jokatuko dute beasaindarrek, Real Sociedad C taldearen kontra.