Osinalde sarirako kanporaketa jokatuko da bihar Argi Berri elkartean
Larunbatean iluntzeko 23:00etan ekingo diote aurtengo kanporaketari. Kantuan sei bertsolari ariko dira. Afarirako txartelak salgai daude 25 euroren truke
Bertsolari gazteen 47. Osinalde sariketaren hirugarren eta azken kanporaketa bihar, larunbata, jokatuko da Ordiziako Argi Berri elkartean. Larunbateko hitzorduan, gainera, 21. Argi Berri Saria ere izango da jokoan eta berau irabazteko nahiz Gabiriako Osinalde elkartean apirilaren 7an jokatuko den finalerako txartelak eskuratzeko asmoz, sei bertsolari arituko dira kantuan.
Iazko Argi Berri saria Goierrin gelditu zen, Ataungo Mikel Tapiak eraman baitzuen. Aurtengoan, beste sei bertsolari arituko dira ari erreleboa hartu nahian. Mikel Retolaza (Busturia), Oier Etxeberria (Azpeitia), Peru Abarrategi (Aramaio), Markel Eizagirre (Zarautz), Sarai Robles (Barañain) eta Beñat Mujika (Donostia) dira biharko kanporaketan kantuan arituko diren bertsolariak.
Afaltzeko txartelak salgai
Ohikoa den bezala, bertso saioaren aurretik afaria izango da, 20:30ean gutxi gora behera. Afariaren kostua 25 eurokoa da. Inork afarira joateko asmorik balu 649 011 262 telefono zenbakira (Aitor) deitu beharko du.
Bertso saioa 23:00ak aldera hasiko da. Afarian parte hartu gabe ere bertso saioa entzutera joan nahi duenak ateak irekita izango ditu.













