«Gustura nago, baina telebistari denbora asko eskaini behar zaio»
Mikele Arizkorreta (Legazpi, 2000) ETB3k apirilean estreinatu duen 3zpa4 saio berriko aurpegietako bat da. Batxilergoko 2. maila ikasten ari da Legazpiko ...
Mikele Arizkorreta (Legazpi, 2000) ETB3k apirilean estreinatu duen 3zpa4 saio berriko aurpegietako bat da. Batxilergoko 2. maila ikasten ari da Legazpiko Haztegi ikastolan, baina horretaz gain, bestelako afizio asko ditu. Bertso-Olariak bertso eskolako kidea da, baita Sustraiak dantza taldekoa eta udal musika bandakoa ere. Saxofoia jotzen du. Herriko eskubaloi taldean ere aritutakoa da, eta Sorgintxulo aisialdi taldean begirale ere bada.
Ez zara geldi egoteko horietakoa. Nola egiten duzu denera iristeko?
Ez da erraza. Telebistari denbora asko eskaini behar diot, eta ezinezkoa zait, adibidez, ikasketetan buru-belarri egotea. Gainera, nire bizitzako zati handi bat, zenbait afizio, esaterako, albo batera utzi behar izan ditut momentuz telebistari heltzeko.
Nola suertatu zitzaizun aukera?
2016an Goazen! telesailaren denboraldi berria hasi zenean bideoak bidaltzeko eskatu zuten, aktore berri bila zebiltzala eta. Animatu eta kasting-ean parte hartu nuen, baina ez ninduten hartu. 2017an telesail bererako deitu ninduten, baita Bagoaz! lehiaketan parte hartzeko ere. Orduan ere ez zen posible izan. Orain hilabete batzuk, proiektu berri baten berri emateko deitu ninduten.
Laugarrenean posible izan da orduan?
Bai. Hala ere, nire zalantzak izan ditut oraingo honetan, ikasketengatik batez ere, probetara aurkeztu ala ez. Ingurukoek animatu egin ninduten, aurkeztea erabaki nuen eta azkenean, hartu naute.
Nolatan telebistarako zaletasun hau?
Telebista mundua guztiz berria da niretzat. Polita da eta asko gustatzen zait. Aktore lana, dantza eta abestia uztartzen ditu saioak, eta guztiak daude nire zaletasunen artean.
Zein da saioaren bizkarrezurra?
6 eta 12 urteko haur eta gazteei zuzenduta dago. Fikzioa, bideoklipak, esku lanak… atal ezberdinek osatzen dute saioa. Protagonistak lau ikasle gazte gara, eta musika talde bat sortu nahi dugu guztion artean. Egunero emititzen da, 20:30ean.
Gustura al zaude?
Grabatzen nagoenean errealitatetik deskonektatzen dut, gustura nago. Asko ari naiz ikasten, momentua bizi nahi dut orain.