‘Justizia! Altsasukoak aske’ lema zeraman pankarta atera zuten bi taldeetako jokalariek, larunbateko partidan. // Argazkia: BKL
Partida “beroa” bizi izan zuten larunbatean, Beasaingo Antzizar Kiroldegian. Bai kantxan bizitakoagatik, eta baita harmailetan zegoen giroagatik ere. Arri BKLk eta Tolosako TAKEk dena eman zuten, eta luzapenean erabaki zen partida. Emaitza etxekoen aldekoa izan zen, 83-79.
Aurreneko bi laurdenetan etxeko taldea izan zen nagusi, eta atsedenaldira 13 puntuko aldearekin (41-28) iritsi ziren. Azken bi laurdenetan, ordea, buelta eman zuen partidak, eta tolosarrek markagailuan gainetik jartzea ere lortu zuten. Baina BKLk ez zuen amorerik eman, eta azken minutuetan, partida berdintzea (70-70) lortu zuten.
Luzapena ere ez zen ondo hasi etxekoentzat, hasi bezain pronto, tolosarrek hirukoa saskiratu baitzuten. Baina atzera partidan sartzea lortu zuten, eta jaurtiketa libreetan asmatu eta gero, 11-7ko partziala egin zuten. Azkenean, 83-79, etxekoen alde.
Klubak, beste behin ere, zaleen babesa eta berotasuna eskertu nahi izan du. 250 lagun bildu ziren larunbatean Antzizarren, eta “taldea airean” eramaten dutela azaldu dute, esker onez.