Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketan izena emateko epea zabalik
Dagoeneko zabaldu dute 27. Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketan lanak aurkezteko epea. Aurten data berezi batekin dator lehiaketa, gainera. Izan ere, Lazkao Txiki hil zeneko 25. urtemugarekin batera egingo dute. Itzal luzea utzi zuen Lazkaomendiko bertsolariak, eta lehiaketa hori bera ere, haren itzalean sortu zen, Joxe Miel Iztuetak berak zabaldu baitzuen aurreneko edizioa. Argi Berri elkarteak azaldu duenez, “une hartan Goierriko bertsolaririk ezagunena” zelako jo zuten beregana. Baina orduan ez zuten pentsatuko “gauzek hain bide bizkorra” hartuko zutenik, izan ere, “Joxe Miel laster joan zitzaigun”. Egun ordea, “bertsolaritzaren eredu” bezala dute Argi Berrikoek, eta haren izpiritua, “euskal izpiritua eta bertsolari izpiritua”, txertatu nahi dute ernaltzen ari diren bertsolari gazteen artean.
Lehiaketa hiru sailetan banatuko dute: gaztetxoen maila (13 urte artekoentzat), gazteen maila (14-18 artekoentzat) eta helduen maila (1999. urtean edo lehenago jaiotakoentzat). Gaztetxoen mailan, Asko maite zaitut izango da gaia, eta gutxienez 2 bertso eta gehienez 4 aurkeztu beharko dira. Gazte eta helduen mailan berriz, gaia ere librea izango da, neurria eta doinua bezala; gutxienez 8 eta gehienez 12 bertso egin beharko dituzte. Lanak, uztailaren 1a baino lehenago aurkeztu beharko dira.
Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketako oinarriak PDF formatoan daude ikusgai hemen: