Beasainek agur esan dio igoeraren ametsari
Beasainek ezin izan du igoera faseko lehen kanporaketa gainditu. 1-2 galdu du Lagun Onak taldearen kontra. Lehen zatia parekatua izan zen, baina bigarrenean, Azpeitiarrek aurrea hartu zuten, Landak 70. minutuan egindako golarekin. Partidaren ondarrean etorri ziren beste bi golak. 83. minutuan Ximonek 0-2koa egin zuen Lagun Onakentzat. Beasaindarrak saiatu ziren partida berdintzen, eta 90. minutuan iritsi zen etxekoen gol bakarra; Aiertek egin zuen.
Urtzi Arrondo entrenatzaileak “egun gogorra” izan zela adierazi du. Izan ere, “urte guztia borrokan” ibili eta gero, ezin izan dute helburua lortu. Hori dela eta, “pena eta tristura latza” sentitu dituela dio Arrondok, baina “egun zailenetan ere harrotasuna” sentitzen duela bere taldearekiko.
Bi jokalarik taldea utziko dute
Igoera faseari ez ezik, bi taldekideri ere agur esan die asteburuan Beasainek. Javi Quintana eta Aiert Ordoñez dira. Larunbateko partidan, omenaldia egin zieten, eta beraien kamiseta daramaten koadro bana eskaini zizkieten klubak eta taldekideek. Urtzi Arrondok elkarrekin “momentu eta bizipen ugari” bizi izan dituztela, eta “gazteentzat eredu” izan direla gogorarazi du, “zelaian nahiz aldagelan”.