Garabi Ordiziak irabazi egin du igoera faseko lehen partida
Ordizia Rugby Elkarteak albiste gazi-gozoak izan ditu asteburuan. Gaziak, Ampo Ordiziak agur esan diolako ligako play offei, Senor Independienteren kontra galdu eta gero. Ez dira denak albiste txarrak izan ordea. Gozoa, bigarren taldeak ekarri du. Garabi Ordizia igoera faseko play offak jokatzen ari da, eta asteburuan, 13-14 irabazi dio Os Ingleses taldeari, Galizan. Bueltako partida datorren asteburuan izango da, Altamiran, baina kanporaketa ondo bideratuta utzi dute.
Partida oso lehiatua eta parekatua izan da. 18. minutura arte hutsean mantendu zen markagailua, harik eta Beñat Erbinak zigor kolpea gauzatu eta 0-3koa lortu duen arte. Etxekoek ordea, entsegua egin zuten 31. minutuan, aurretik jarriz. Atsedenera 5-3ko emaitzarekin joan ziren.
Aldagelatik bueltan, etxekoak erasoan atera dira, eta bi minuturen buruan entsegua egin dute. 59. minutuan, Pintosek zigor kolpea egin zuen, etxekoen alde. Markagailua 13-3 zela, aldapa gora jarri zaio partida Ordiziari, baina unerik onenean etorri da Garabikoen erreakzioa. Beñat Erbinak sekulako partida egin du: 64 eta 72. minutuetan zigor kolpe bana gauzatu ditu, eta 13-9 gerturatu dira. Partida amaitzear zela, Erbinak entsegua lortu du, goierritarrek ondo landutako jokaldi baten ondoren. Kolpea gauzatu ez badute ere, 13-14ko emaitza gustura gelditzeko modukoa da, batez ere, zenbat sufritu behar izan duten kontuan izanda.