Egon-giro bikainarekin, jendetza ibili da Lazkaomendiko festetan. Lazkao eta Zaldibia aldetik ohiturazko bisita egin dute askok. Egitaraua ere denentzako moduko ekitaldiz josia izan da, haurrentzat zuzenduak tartean.
Haurra den lekuan, gurasoak ere bai, eta haien bueltan girotxoa. Horrelaxe joan da asteburua Lazkaomendiko gainean. Lazkaoko jai nagusien ondorengo astebukaeran ohitura duten bezala, erromeria-leku eta bilgune izan da jendearentzat. Eguraldiak ere aitzakiarik gabeko mauka jarri du, eta berezko paraje ikusgarrira igotzeko gonbita.
Izan ere, umeentzat zuzendutako ikuskari mordoa izan da Lazkaomendin. Larunbat goizean pilotan jokatzera joan zen saldo bat, Lartxaiko auzo-eskola zaharraren azpira. Patxin eta Potxin pailazoek hartu zien lekukoa arratsaldean, Pipasen. Kantu eta jolas, kuadrilla mardula elkartu zen.
Igandean, berriz, Amalur mendi elkarteak eta San Benito ikastolak antolatutako mendi ibilaldi neurtuak eta ondorengo jolasek eraman zuten bisitari-uholdea. Antzinako bide zaharra berreskuratu dute, Enparandegitik eta Imaztik gora doana.
Mus txapelketan 42 bikote
Helduek ere izan dute zerekin gozatua Lazkaomendiko bi egunetan. Larunbat arratsaldean, Lartxai elkartean, III. Mus Txapelketan 42 bikotek parte hartu zuten. Sariak mardulak zeuden —bikote irabazleak 700 euro, bigarrenak 400 eta hirugarrenak 200—, eta dei-eragina izan du.
Kamiseta eta lepoko zapi berezituak atera eta saldu dituzte aurten Lazkaomendin, auzoaren izena dutenak. Lazkao Txiki auzokide zena ere gogoan izan dute, haren heriotzaren 25. urteurrenean. Familiartekoek bota zuten ohorezko suziria.
Barrenetxea garaile
Junior mailako 42. Lazkaomendi Proban 101 ziklistak bukatu zuten 80 kilometroko ibilbidea. Jon Barrenetxea bizkaitarrak (Gastronomia Baska-Avia) irabazi du, azken igoeran metro batzuk aterata Xabier Berasategi bigarrenari (Ampo) 6 segundo eta Xabier Isasa hirugarrenari (Bellota-Goierri) 15 segundo aterata. Mendiko saria ere Barrenetxeak eraman zuen; Olaberrian Berasategi —olaberritarra da— igaro zen lehenengo. Taldekakoa, berriz, Arabarrakek, Amporen aurretik. 19 ekipo ziren.
Igandean, herri kirol erakustaldia egin zuten zortzi kirolarik, aizkoran eta harri jasotzen. Ixurrene jatetxe inguruan bildu zen festa bigarren jardunaldian.