«Mendiak lasaitasuna ematen dit; aske sentitzen naiz bertan»
19 urterekin bakarrik egin zuen Julen Ugartek (Legazpi, 1997) GR-11 ibilbidea. Legazpiko mendi astean hitzaldia eman berri du horren inguruan. Aitagandik datorkio ...
19 urterekin bakarrik egin zuen Julen Ugartek (Legazpi, 1997) GR-11 ibilbidea. Legazpiko mendi astean hitzaldia eman berri du horren inguruan. Aitagandik datorkio mendi zaletasuna. 15 urte zituela aitarekin iraupen luzeko martxak egiten hasi zenean mendiak harrapatu zuela dio. «Aurretik ere banuen mendira joateko ohitura, baina ez zen berdina».
Zer ematen dizu mendiak?
Lasaitasuna. Eguneroko estresetik irten eta beste mundu batean sartzeko aukera. Mendian aske sentitzen naiz; ez daukat inor gainean. Etxera itzultzean ere sentipen onak izaten ditut; hustuta bezala sentitzen naiz. Mendia terapia modukoa da niretzat.
Mendia ibiltzeko edo korrika egiteko?
Mendira zeharkaldi luzeak egitera joatea asko gustatzen zait, baina horretarako egun asko behar izaten dira eta orain, lanarekin, zailagoa egiten zait. Gainontzean, mendira korrika egitera ere joaten naiz.
Mendiko trail probetan parte hartu zalea al zara?
17 urte nituela egin nuen Leitzako Trail-a, lehenengoa niretzat. Urtean bi egiten nituen orduan, baina oso urduri jartzen nintzen, ez nuen ez lasterketaz ez mendiaz gozatzen eta parte hartzeari utzi nion. Nire kasa joatea gehiago gustatzen zait.
Orain bi urte bakarrik izan zinen Pirinioetan bidaian. Nolatan?
Orain lau urte, 17 urterekin, lagun bat eta biok GR-11 ibilbidea egitera joan ginen udako oporretan. Ez genuen amaitzeko helbururik, baina proba egin nahi genuen. Otsagabiara iritsi ginenean lagunak min hartu zuen hankan eta bidaia bertan behera utzi behar izan genuen. Inolako penarik gabe, egia esan. Landetara (Frantzia) joan ginen oporrak amaitzera.
Baina bidaia horren ideia ez zitzaizun burutik kendu.
Bueltaka ibili zitzaidan ideia etengabe, eta GR-11 osoa egin behar nuela erabaki nuen. Orain bi urte egin nuen, 19 urterekin. 830 bat kilometro egin nituen guztira, 20 bat egunetan. Gogorrena, hala ere, ez dira kilometroak, desnibelak baizik. 50.000 metroko desnibel positiboak dira, bonba bat.
Gaztea zara oraindik, baina ba al daukazu igotzea gustatuko litzaizukeen mendiren bat?
Dolomitak ezagutzea gustatuko litzaidake, baita bidaiatzea ere. Udan, Vietnamera joan nahi nuke. Dena den, oso urrutira joan gabe, hemen inguruan ere gauza asko dauzkat oraindik ikusteko.