Salomonek Golden Trail Series zirkuitua aurkeztu du Zegaman
Salomon markak Golden Trail Series zirkuitua aurkeztu du gaur Zegaman. Zirkuitu berri honek bost proba ditu eta Zegama-Aizkorri maratoia lehenengoa da. Zirkuitu asko zeuden eta hau munduko garrantzitsuena izateko helburuarekin jaio da. “Gure kirola interesa galtzen ari da txapelketa ezberdin gehiegi daudelako. Ugaritasun honek korrikalariei beren lana ezagutzera ematea zailtzen die eta babesleak uxatzen ditu”.
2016an antolatzaile, korrikalari eta markak zirkuitu nagusi bat martxan jartzeko lanean hasi ziren, baina markak ez ziren ados jarri. Hori dela eta, Salomonek Golden Trail Series abian jartzea erabaki du. Komunikabideetan milioika ikusle lortuko direla esan dute.
Bost lasterketa eta finala edukiko ditu: zalego onena duena (Zegama), ederrena, azkarrena, altuena, teknikoena eta exotikoena. “Zerrenda gure korrikalari onenek osatu dute”.
Hiru emaitza onenak hartuko dira kontuan. Puntu gehien lortzen dituzten hamarrek Hegoafrikan jokatuko den finalean parte hartuko dute. Lagun batekin joango dira, zortzi egunerako. Bestalde, proba bakoitzeko lehenengo bostek 1.000 euro irabaziko dituzte. Korrikalariek urtean zehar odol probak pasa beharko dituzte eta botikak medikuen baimenarekin bakarrik hartu ahal izango dituzte.
Amaieran bihar Zegama-Aizkorrin parte hartuko duten punta-puntako korrikalari ia guztiek argazkia atera dute.