Ikastola Egunarekin amaiera emango diete urteurren ospakizunei
Haztegi ikastolaren jaia ohi bezala ostiralean egin ordez bihar egingo dute, larunbatarekin. Ikastolako komunitateari begira antolatutako jaia da. 50. urtemugaren barruko azken ekintza da
Aurtengoan ohiko data aldatuta dator Haztegiren Ikastola Eguna. Ostiralean egin ordez, bihar egingo dute, larunbatarekin. Izan ere, amaitzear dagoen ikasturtea oso berezia izan da Legazpiko ikastolarentzat 50. urteurrena ospatu dutelako. Ikastola Egunak goizean hasi eta iluntzera arteko ekintzak hartuko ditu, ikastetxe bertako komunitateari ikasle, irakasle, langile eta guraso zuzendutako festa da.
Sagrario Etxabe ikastolako zuzendariak urtemugaren balorazio ezin hobea egin du: «Garai bateko grina esnatu da. Denok batera, auzolanean, aurrera egin ahal dugula ikusi dugu, eta, gainera, gozatu egin dugu ekintzekin eta parte hartzearekin».
Ikasturtean zehar egin dituzten ekintza batzuk lehendik ere egiten zituzten, baina egiteari utzi zieten. Esate baterako, mendi irteerak. «Orain, ekintza horien guztien artean eutsi ditzakegunak zeintzuk diren aztertu, eta egiten jarraitzeko asmoa daukagu», jarraitu du zuzendariak.
Harrotasun puntu bat ere erakutsi du, «ez da ekintzak ongi atera direlako bakarrik, garrantzitsuena da ekintzak egiten gozatu egin dugula». Bide batez, «bakoitza berera dabilen gizarte honetan, elkarrekin egin ahal dugunarekin jabetu gara. Auzolana euskaldunon senean dago eta berreskuratu egin dugu nonbait», erantsi du. Garai batean euskararen eta euskal kulturaren egoera ez zenean batere ona bizi izandako giroa berreskuratu dutelakoan dago, «denok elkarrekin aritu gara».
Biharko oharrak
Biharko Ikastola Festari begira hainbat ohar zabaldu dituzte. Hasteko, eskalada gunean ibiltzeko ezinbestekoa da bakoitzak bere kaskoa eramatea. Bestetik, salgai jarriko dituzte urteurrenaren harira atera dituzten arropak: zapiak, elastikoak eta sudaderak. Bi zuhaitz jarriko dituztela ere esan dute, plazan, hostoz apaintzeko. Azkenik, antolatu dituzten ekintzak, bihar eguraldi txarra eginez gero, frontoian egingo dituztela ere aurreratu dute festaren antolatzaileek.
Festaren egitaraua
Bihar · 11:00. Ikastola Egunaren irekiera. Agurra eta bertso saioa. Irakasleen abesbatza eta flash move-a. · Ondoren. Txokoen irekiera: eskalada gunea, xaboi burbuilak, ahate txokoa eta txoko solidarioa. · 12:30-14:00. Txantxariak kaleko musikariak. · 14:00. Ikasle, irakasle eta guraso bazkaria. · Ondoren. Batukada eta DJ Txurru. · 16:00. Zirko tailerra. · 18:30. Apar festa.













