Elkarlanerako lan eremua
Beasaingo Udalak diru laguntzak emango dizkie coworking zentroan negozioa jarri nahi dutenei. Abian Cowork Zentroa azaroan jarri zen martxan; 8 enpresa daude
Garbiñe Irizar argazkilariak argazki denda izan du, baina cowork eremua ireki behar zutela jakin zuenean, berehala aukera aprobetxatzea erabaki zuen: «Bakarrik egoten nintzen lokalean, eta lanak egiteko kanpora irten behar izaten nuenez askotan, denda itxi egin behar izaten nuen, eta ematen zuen denda itxita zegoela. Nire beharretara ez zen ondo egokitzen dendaren formatua». Cowork zentroak, «askatasuna» eman dio, «denda baten ordutegia oso lotua baita».
Azarotik dago bertan eta oso pozik dago aldaketarekin, eta onura asko ikusten dizkio formatu berriari. Batetik, «ez zara bakarrik sentitzen. Beste autonomo batzuekin zaude, eta bakardade sentsazio hori galdu egiten da. Taldean gaude, eta hori oso positiboa da». Beste aldetik, «jendea ezagutzen duzu, besteek nola lan egiten duten ikusten duzu… nahiz eta oraindik hastapen fasean egon, nik uste dut etorkizunean gauza on asko sortu daitezkeela».
Hasiberriak badira ere, dagoeneko elkarren arteko proiektuak sortzen hasiak dira. «Kanpoko hirugarren enpresa bat webgune bat egiten ari zen, eta itzultzailea berarekin ari zen lanean eta ni ere bai, argazkiak egiten. Kasu horretan kanpoko enpresa bat zen, baina etorkizunean barruan ere sortuko dira lanak. Nik nire webgunea berritu behar baldin badut, itzultzaileari eskatuko dizkiot itzulpenak. Ezkontzetako altzariak alokatzen dituenarekin ere lan egin dut eta aurrera begira ere seguru egingo dudala». Barandiaranek argitu duenez, inguruko beste herri batzuetan ere ari dira cowork guneak sortzen eta beraien arteko harremanak sortzea ere badute helburua.
Gero eta «lankide» gehiago egoteak ere badu abantaila: «Beste hamaika komertzial edukitzeko aukera bat da. Pertsona bat falta baldin bada, besteek emango die informazioa. Bulego batean bakarrik bazaude, ezin zara irten, oso mugatua da eta astuna egiten da».
Hasiberrientzat aukera ona
Era berean, enpresa edo proiektu berri bat martxan jarri nahi dutenentzat «aukera oso ona da» cowork-a, «gastu finko oso baxu batekin hasten zara lanean, eta bulego itxurosoa daukazu… Hasteko dagoen pertsona batentzako zoragarria da».














