Alokairu sozialekoak dira bioeraikuntzako zortzi etxebizitzak. Urte amaiera aldera egiten hasi eta datorren urterako bizitzen jartzeko moduan izatea aurreikusten dute

Zeraingo Udalak berri ona jaso du: gazteen emantzipazioa bultzatzeko eta gazteak herrian bertan gelditu daitezen egin nahi dituen etxebizitzak egiteko, Eusko Jaurlaritzak 344.000 euroko diru laguntza emango dio; proiektuak, 550.000 euroko aurrekontua du. Arantza Ruiz de Larrinaga alkatearen esanetan, «urte eta erdiko lanketa izan da eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak bete-betean bat egiten du gure proiektuaren helburuarekin».
Alokairu soziala izango dute zortzi etxebizitzek. «Prezioak tasatuta daude: diru sarreren eta etxebizitzaren neurriaren arabera jarriko da alokairuaren prezioa». Hileko alokairuaren estimazioa eginda daukate: gutxienez 96 euro eta gehienez 260 euro inguru. «Kontratuak urtebetekoak izango dira eta gainbegiratu egingo dira urtero; gehienez, 5 urtera arte luzatuko dira, beste gazte batzuek ere lekua izan dezaten».
Adinekoentzat ere bai
Adinekoek ere izango dute lekua etxebizitza berrietan. Ruiz de Larrinagaren esanetan, «orain gazteentzat behar handiagoa dago, baina ikusten da heldu batzuk, adin batetik aurrera, eta inguruan familiarik ez badaukate, egoitzetara edo Segurara joaten direla, eta beraien azken urteetan herritik atera behar dutela. Gainera, adineko asko herritik aparte eta bakarrik bizi dira. Etxebizitza hauekin, pertsona horien autonomia luzatzea eta Zerainen bertan bizitzea lortu nahi dugu».
Bioeraikuntza
Antxiputxuko biribilgunearen ondoko orubean egingo dituzte etxeak, «herrigunetik gertu». Bi solairuko bioeraikuntza izango da, zurezkoa eta energetikoki eraginkorra. Solairu bakoitzean launa etxebizitza egingo dituzte, logela bateko bi eta bi logelako beste bi. «Adineko pertsonak beti behean jarriko ditugu». Sukaldea eta komuna jantzita eskainiko dituzte. «Inguruko urbanizazioa ere modu berritzailean egiten saiatuko gara».
Dagoeneko 20 lagunetik gora dira aurre eskaera egin dutenak. Udaletxerajo behar dute interesa dutenek.