Hirugarren saiakeran, podiumean zapaltzea falta zitzaion mailara igo da Aleix Bautista gironarra. Marimurumendi mendi maratoiaren 4. ekitaldia irabazi du Angleseko korrikalariak. 2016an hirugarren egin zuen, iaz bigarren, eta aurten, lehen metroetatik lasterketaren burua hartuta, ez die aurkariei batere aukerarik utzi. 3:48:04 orduan geratu du ordularia. Izardun senyera batekin sartu da, eta “Katalunian gaizki pasatzen ari direnen” aldeko aldarrikapena egin du.

Aleix Bautista irabazlea./Aimar Maiz
Emakumezkoetan, denbora-marka onduz, Cambrilseko (Tarragona, Katalunia) Ingrid Ruiz nagusitu da. 4:24:30 orduan jarri du errekor berria Marimurumendin, iaz Ester Casajuanek jarritako 4:27:22koa hiru minutuan onduta. Helmugan zain zeukan Ruizek Casajuan, laguna baitu. Besarkada batekin zoriondu du garailea. Sailkapen nagusian, 8. postuan helmugaratu da Ruiz.
Emakumezkoetan bigarren Amaiur Iglesias errenteriarrak egin du. Iazko 3. postua hobetu du. Sara Perez madrildarrak osatuko du podiuma.

Ingrid Ruiz kataluniarra, emakumezkoetan irabazle./Aimar Maiz
Gizonezkoetan bigarren, 6 minutura, Iñigo Arantzamendi ondarroarra sailkatu da. Hirugarren, 20:45 minutura, beste kataluniar bat: Marc Costa. Altsasukoen aldeko aldarrikapena eraman du Costak, gazteen askatasuna galdeginez.
Gizonezkoetan, podiumean sartzeko zorian izan da David Martin lazkaotarra. 28 urteko gazteak lehenengo mendi maratoia zuen, eta garapen ikusgarria izan du. Agortako lehen igoeran 10. postuan pasatu da. Harrezkero, aurkariak aurreratzen aritu da proba guztian. Azkenean, hirugarren lekurako lehia ere aurkeztu du, baina ezin izan du Costa aurreratu (jaitsieran aldea handitu dio).

Marc Costa (3.a), Aleix Bautista garailea eta Iñigo Artzamendi (2.a), helmugan./Aimar Maiz
Gizonezkoen sailkapena:
- Aleix Bautista, 3:48:04 ordu
- Iñigo Arantzamendi, 6:01era
- Marc Costa, 20:45era
- Adria Prat, 22:08ra
- Pedro Alzaga, 24:27ra
- Felip Puigarnau, 29:29ra
- David Muñoz, 31:15era
- Aitor Dionisio, 35:56ra
- Eneko Lejarraga, 36:30ra
- Mikel Pujana, 44:09ra
Emakumeen sailkapena:
- Ingrid Ruiz, 4:24:30 ordu
- Amaiur Iglesias, 22:13ra
- Sara Perez, 39:02ra
- Izaskun Sanz, 46:31ra
- Nuria Florencio, 1:01:24ra
- Beatriz Delgado, 1:12:41era
- Lorena Guinaldo, 1:13:48ra
- Ainara Uribarri, 1:16:40ra
- Amalia Sanchez, 1:19:35era
- Ruth Martin, 1:22:54ra