Ordizia Kirol Elkartea: talde lanean, herriaren alde

Denboraldi berriarekin batera, lehendakari berria du Ordizia Kirol Elkarteak: Jokin Goia Goiburu. Bost kirol biltzen dituen elkarteak etapa berria hasi du, parte-hartzea eta talde-lana ardatz hartuta. Zortzi herritarrek osatzen dute zuzendaritza taldea.

Denboraldi berriarekin batera zuzendaritza berritu du Ordizia Kirol Elkarteak. Jokin Goia Goiburu da lehendakari berria, eta ez da urrutitik iritsi kargura. Orain bi urte hasi zen klubean delegatu lanetan, ondoren zuzendaritzan jardun zuen urtebetez, eta orain, bost kide berriekin batera, elkartearen gidaritza hartu du. Bere semeak klubean jokatzen du, eta familiaren loturak zein aurretik egindako ibilbideak bultzatuta egin du urratsa. 

Ez du, ordea, futbolean aritutako esperientziarik. Delegatu moduan hasi zen, eta pixkanaka zuzendaritzako egunerokoaren parte bihurtu. «Gauza batek beste batera eraman nau», azaldu du. Zuzendaritzan maiz jendea behar izaten dela dio, «taldeari gauzak egitea exijitzeko ez ezik, antolaketa eta moldaketa lanetarako ere». Hala, zuzendaritza berrian zortzi lagun ari dira lanean: Goiarekin batera, Naiara Beramendi, Iñaki Lopez, Ander Terradillos, Imanol Telleria, Ainhoa Aramendi, Jon Ordoñez eta Nekane Balerdi. 

Bost kirolek bat eginda

Ideia berritzaileak dituen taldea izateaz gain, talde gaztea dela nabarmendu du. Goia bera da zaharrena, eta zuzendaritzako kide gehienek seme-alabak dituzte klubean. Gurasoen inplikazioa azpimarratu du, bide horretan: «Eskertzekoa da gurasoek aurrerapausoa eman eta laguntzea; eguneroko lanaren atzean lan handia dago, eta lana banatzea funtsezkoa da». 

Goiak esperientzia gehiena futbolaren alorrean pilatu badu ere, Ordizia Kirol Elkartearen barruan beste lau kirol ere antolatzen dira: saskibaloia, igeriketa, hegats igeriketa eta triatloia. Futbolak partaide gehienak biltzen baditu ere, lehendakari berriak elkarte osoaren gaineko ardura hartu du. 

«Herritarrek jokatzeko, parte-hartzeko eta ondo pasatzeko aukera bat izan behar du klubak»

Parte-hartze handia

Futbolean soilik, hamaika talde daude lehian eta 250 jokalari baino gehiago biltzen dira. Futbol eskola ere badu, eta ehun ume inguruk parte-hartzen dute bertan. Zortzi urterekin hasten dira jolasean, kirola ikasteaz gain, «taldean aritzen, harremanak egiten eta elkarrekiko errespetua lantzen». Horregatik, kirolari berari dagokionez, egoera «oso ona» dela uste du Goiak. 

Harrobia, hala, zuzendaritza berriaren proiektuaren oinarrietako bat da. Ez bakarrik etorkizuneko taldeak osatzeko, baita kirolaren bidez haurren eta gazteen artean «bestelako balioak» lantzeko ere: elkarlana, talde lana eta konfiantza. 

Zentzu horretan, klubaren beraren helburua ez da kanpoko jokalariak erakartzea edota talde gorenak maila jakin batean jokatzea. Herriko taldea izan nahi dute: «Herritarrek jokatzeko, parte-hartzeko eta ondo pasatzeko aukera bat izan behar du klubak». Ikuspegi horrek zuzenean lotzen du kirol arloa klubaren izaera sozialarekin. 

«Gurasorik gabe ezingo genuke aurrera atera; borondatezko lana egiten dute, ahalegin handia eskatzen duena»

Babesa eta boluntariotza

Ekonomiari dagokionez, klubak beste kirol elkarte askoren antzeko egoera duela dio. Kuotak eta dirulaguntzak dira diru-sarrera nagusiak, eta inguruko enpresen babesletzak ere bilatzen dituzte. Aurrekontua urtero doitzea lortzen duten arren, gastuak ugariak direla nabarmendu du Goiak: bidaiak, autobusak, arbitrajeak eta taldeak aurrera ateratzeko behar diren bestelako ordainketak tartean. Ondorioz, «defizit txiki bat» sortzen zaie urtero. 

Egoera horretan, gurasoen eta boluntarioen lana ezinbestekoa dela jakinarazi du. Futbol eskolan zein bestelako kategorietan, guraso askok laguntzaile edo entrenatzaile lanak egiten dituzte. «Gurasorik gabe ezingo genuke aurrera atera; borondatezko lana egiten dute, ahalegin handia eskatzen duena», nabarmendu du. 

Gogoz eta ilusioz

Goiak ez du aurretik zehaztutako eperik zuzendaritzan egoteko. Kargua «gogoarekin eta ilusioarekin» betetzen den bitartean jarraitzea da planteamendua. Nekea edota bestelako lehentasunak iristen direnean, berriz, erabaki beharko du jarraitu ala ez, baina bitartean, «gozatzen» segituko du. 

Hori da Ordizia Kirol Elkartearen zuzendaritza berriaren abiapuntua: klubaren tamainari eustea, harrobia indartzea eta herritarren parte-hartzea lehenestea. Kirol emaitzetatik harago, herrian eta herritarrentzat eraikitako elkartea izatea da euren asmoa. Eta horretarako, talde lana bera jarri dute proiektuaren erdigunean.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa