Atletismoa
Antonio Berasategi. Korrikalaria

«Maratoiak erakusten dit zerbait lortzeak bere lana daukala»

1980an lehenengoz parte hartu zuenetik, urtero osatu ditu Antonio Berasategik Donostiako maratoiaren 42,195 kilometroak.

Berasategi igandeko maratoian. Guillermo Urrestarazu

Antonio Berasategik (Idiazabal, 1958) Donostiako Nazioarteko Zurich Maratoian parte hartu zuen pasa den igandean, 63 urterekin. Egin duen 45. maratoia izan da. 1980an hartu zuen parte lehenengo aldiz eta ordutik egin diren guztietan izan da idiazabaldarra. Hasieran, probatzeko hartu zuen parte, baina gaur egun beste zerbait bihurtu da maratoia beretzat. 

Igandean egin zenuen zure 45.en maratoia. Zer moduz?
Ondo, pentsatu bezala. Ez nuen aparteko gorabeherarik izan eta aurrez pentsatuta nuen denboraren barruan amaitzea lortu nuen; 4:25:39. 45 maratoi hauetan egindako denbora onena 3 ordu eta 23 minutukoa da.

Luzeak egiten al dira maratoiko 42 kilometro pasatxo horiek?
Baietz esan beharko da, baina badakizu aurrez zertara zoazen eta ez dago kexatzeko arrazoirik. 

Zein urtetakoa izan zen zure lehendabiziko maratoia?
Lehenengoa 1980an egin nuen. Lehendabiziko bi edizioetan ez nuen parte hartu —1978 eta 1979koak— Kanariar Irletan soldaduska egiten ari nintzelako. Hemen izan banintz ziurrenik parte hartuko nuen. Gainontzean, lehenengo haren ondotik etorri diren guztietan hartu dut parte. Bitan baino ez da lasterketarik antolatu; bat Covid-aren urtean eta bestea orain dela bi urte, haizeagatik bertan behera utzi behar izan zutelako. 

«Lehendabiziko bi edizioetan ez nuen parte hartu, Kanariar Irletan soldaduska egiten ari nintzelako»

Nolatan hasi zinen? Aldez aurretik ba al zenuen korrika egiteko afiziorik?
Kirola egiten nuen, beti egin izan dut, baina korrikarik ez. Futbolean, bizikletan, mendian… ibiltzen nintzen baina korrika ez. Maratoiaren berri izan nuenean hasi nintzen, prestatzeko. 

Nola prestatu zenuen lehendabiziko aldi hura?
Poliki-poliki hasi nintzen, distantzia motzetan lehenengo, ordu erdi edo hiru ordu laurden egiten nituen, gero denbora gehituz joateko azkeneko egunera arte.

45 urte hauetan bitxikeria edo pasadizoren bat kontatzeko izango duzu, ala?
Orain dela 15 bat urte korrikalarien denbora kontrolatzeko txipak jartzen hasi ziren zapatiletan. Hiru urte beranduago lagun bat joan zen dortsala jasotzera, baina hark ez zekien zapatilan jartzeko txipak hartu behar zirenik. Lasterketa hastear zegoen eta ez zegon erremediorik dagoeneko. Korrikalari guztiak irten zirenean, epaile batengana gerturatu nintzen gertatutakoa azaltzera. Ateratzeko esan zidan, hartuko zidala denbora eskuz eta amaieran han izango zela. Helmugara iritsi nintzenean han zegoen nire zain. 

«Orain datorren urtekoan pentsatu behar dut. Hortik aurrera ez dut pentsatu nahi»

Zenbat aldatu da maratoia hasi zinenetik orain arte?
Gauza asko aldatu dira. Antolakuntza aldetik, adibidez, orain profesionalagoa da. Hasieran, federazioak antolatuko zuela pentsatzen dut, besterik gabe atletismoa bultzatzeko helburuarekin. Aurrekontu aldetik ere asko hazi da. Beste alde batetik, parte hartzaleei begiratuta ere asko aldatu da. Hasieran, mota guztietako jendea joaten zan, proba egiteko; asko ez oso kirolzale zirenak, desafio modura. Gaur egun joaten diren ia guztiak oso prestatuta joaten direla esango nuke. 

Noiz arte jarraituko duzu parte hartzen? Jarrita al daukazu mugaren bat zentzu horretan?
Noiz arte? Ez dakit. Ia adin bat badaukat, aurtengoa egin dut eta orain datorren urtekoan pentsatu beharko dut. Hortik aurrera ez dut pentsatu ere egin nahi. Ez daukat alde horretatik inolako mugarik jarrita luzera begira. Horrekin jokatu beharra daukat, ahal dudana egin momentu bakoitzean eta hortik aurrera etortzen direnak, etortzen badira, ba ongi etorriak izango dira. Eta bestela, ba kitto. 

Zergatik maratoia?
Aldatu egiten dira gauzak. Hasieran, beste jende askok bezala, proba egiteagatik joan nintzen, zer zen jakin nahi nuen. Gaur egun hori badakit ondo eta beste motibazio batzuk behar ditut. Alde batetik, kirola eginda ondo sentitzen naizelako eta bestetik, erakusten didalako zerbait lortzeak bere lana daukala atzetik eta hori ez da komeni behin ere ahaztea.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa