Almintza Sega Elkarteko segalariak Txekian lehiatuko dira
Alaitz Imaz eta 'Altzo' Jauregi goierritarrak bertan izango dira
Zaldibiako Almintza elkarteko hamabi segalarik Txekiar Errepublikan antolatu duten iraupen luzeko txapelketan parte hartuko dute larunbatean. Elkarteko kideen esanetan, lan “berezia” izango da. Lehendabiziko aldia da lan luzean Euskal herritik kanpo jardungo dutena.
350 eta 750 metro koadroko lur sailak ebaki beharko dituzte segalariek. Emakumeek 2,5×150 metroko saila ebaki beharko dute, eta gizonezkoek 2,5×300. Bakar–bakarrik. Proba osoan sega bakarra erabili dezakete, eta ezingo dute inoren laguntza jaso.
Goierriko ordezkariak ere izango dira Txekian. Emakumezkoetan Alaitz Imaz segurarrak hartuko du parte, eta gizonezkoetan Migel Mari Jauregi Altzo zaldibiarra. Txapelketa honetara iaz Suitzan jokatu zen Europako txapelketako 20 segalari onenak gonbidatu dituzte. Euskal Herriko segalariez gain, Txekiako, Austriako, Alemaniako, Esloveniako eta Eslobakiako segalariak ere lehiatuko dira.