Ampo Ordiziako jokalari eta entrenatzaileak, partida baten ondorengo juntadizoan. Arg.: Carlos Mediavilla
Ampo Ordizia hasi da prestaketa lanetan, hilabete inguru falta baita Heineken Ligari ekiteko. Astelehenean hasi ziren denboraldi–aurreko lehen entrenamenduekin. Lehen egunak gimnasioan pasa dituzte, eta atzo egin zuten lehen lan saioa Altamirako berdegunean. Helburua argia da: Santboiana taldearen aurkako partidara ahalik eta sasoikoen heltzea denboraldia ongi hasteko.
Taldeak bi fitxaketa berri egin ditu. Alde batetik, Joubert Engelbrecht hegoafrikarra. Zelai erdian jokatzen du, 29 urte ditu, 190 zentimetro eta 97 kilo. Griffons taldean jokatu zuen pasa den denboraldian, Currie Cup txapelketan. Zortzi denboraldi jokatu ditu Hego Afrikako mailarik gorenean; bestetik, Kawa Leauma zeelandaberritarra. Bigarren lerroan jokatzen du, 28 urte ditu. 197 zentimetroko garaiera eta 11o kiloko pisua. Jokalari handia izan arren, bizia da. Australiako NRC ligatik dator, zehazki, Sydney Rays taldetik.
Valentin Cruzek taldean jarraituko du beste urtebetez. Ligako puntuatzaile onena izan zen joan den denboraldian, eta aurten ere erabakigarria izango da bere jarduna. Aldiz, Jeronimo Albertariok eta Coert Cronjek taldea utzi dute.
Iazko dinamikarekin jarraituta, ligako lehen itzuliak erabakiko du nork jokatuko duenen Errege Kopa. Ampo Ordizia laugarren multzoan da Independiente eta El Salvador taldeekin batera. Multzoko lehendabizikoak jokatuko du Errege Kopa.