Irrintzi dantza taldeko kideak goizeko ordu txikietan irten dira Poloniarantz. Igandean Krakowiak folklore jaialdian parte hartuko dute, bertako, Graziako, Zipreko eta Letoniako beste talde batzuekin batera. Besteak beste, aurreskua, Ikurrin dantza, txakarrankua… egingo dituzte Krakovia hirian. 25 dantzari joan dira, adin ezberdinetakoak.
Atzerrian dantza egitea berezia dela–eta, gogotsu igo dira autobusera Joseba Arratibel eta Maren Etxeberria dantzariak. “Bidaia luzea da, baina ziur gaude mereziko duela”, aipatu dute. Autobusez joango dira, 24 ordu inguruko bidaia. “Erraz mareatzen naiz ni. Eskerrak bidean geldialdiak egingo ditugun”, dio Arratibelek. Zumarraga eta Krakovia lotzen dituen 2.400 kilometroak bi egunetan egingo dituzte. Larunbatean iristea espero dute, igandean dantzarako prest izateko. Horrenbeste ordu leku txikian eserita igarota, gogotsu astinduko dituzte hankak iristerakoan.
Krakowiak folklore jaialdia Blue Diamond Events etxeak antolatzen du. Europa guztian zehar antolatzen dituzte jaialdiak, tokian tokiko folklorea indartu eta ezagutzera emateko asmoz. Irrintziko kideek euskal dantzak zabaltzeko baliatu nahi dute bidaia.