"Zeraingo festen balorazioa positiboa da"
Parte hartzen handia izan dela azpimarratu dute antolatzaileek
Zeraingo Andra Mari festak amaitu dira eta, herri txukuntzen duten bitartean, balantzea egiteko garaia heldu da: “Lehen balorazioa positiboa da. Orokorrean dena ondo joan da, eta parte hartzea handia izan da”, nabarmendu du Aloña Elortza kultura zinegotziak. Esaterako, astearteko txekor–janean prestatutako dena jan zen, eta San Roke eguneko herri afarian 250 lagun elkartu ziren.
“Denetarik dago: badago oporraldia aprobetxatzen duenik kanpora joateko, baina uda bertara pasatzera etortzen denik ere badago. Gainera, inguruko herrietako jendea ere etortzen da festetara”, azaldu du Elortzak. Andra Mari festei esker, abuztuan Zerainen zer egin badagoela uste du zinegotziak. Herritarrak ere gustura nabaritzen ditu, baina “hobetzeko bada, beti egin daitezke aldaketak”.
Hortaz, datozen urteetan ere bide beretik jarraitzea aurreikusten dute antolatzaileek. Aldaketa txikiak izaten dira, baina, bidean. Esaterako, urte luzetako ohitura da txerko–janarena, eta azken urteotan beste aukera batzuk ere gehitu zaizkio haragiari. “Badira bi urte aukera beganoa eskaintzen dugula inor ez baztertzeko. Jendeak eskertzen du beste aukera batzuk ere egotea”.