Gerezi tomateak, kalabazak eta babarrun txurik, eguneko berritasunak Ordiziako Azokan
Ordiziar asko oporretatik bueltan dira, eta herria ari da betiko martxa berreskuratzen. Aurreko asteko azoka xelebrearen alboan, gaurko azoka jendetsua izan da. Postuak ere produktuz lepo zeuden. Baratzeko produktu asko heldu dira dagoeneko, eta itxura ederra zuten.
Tronpeta kalabaza kiloa 2,5 eurotan saldu da
Berritasunak ere izan dira. Gerezi tomateak, esaterako. Kiloa lau eurotan saldu da. Abuztuko eguraldi onak mesede egin die tomateei eta, gorri–gorri, mota askotakoak egon dira salgai. Tomate kiloa, orokorrean, hiru eta lau euro bitartean saldu da; era askotako kalabazak ere egon dira gaurkoan. Nabarmenenak, potimarron eta tronpeta kalabazak. Hurrenez hurren, kiloa hiru eta 2,5 eurotan saldu da.
Gutxika, baina babarrun zuria ere ari da agertzen azokan. Kontxiren postuan aletutako 300 gramo egon dira salgai. Hamabi euro kiloa. Larunbateko Zumarragako azokan ere izan zen babarrun zuririk, baina oraindik ez da ugari atera.
Physalis loreek merezi dute aipamen bat. Lore bitxia da, hostoek babesten baitute fruitua: laranja koloreko esfera txiki bat izaten da, lorearen ezaugarrien arabera, gozoagoa edo biziagoa. Bitamina asko ditu fruituak, eta infusioak egiteko egokia da. Halere, hutsik jateko jangarriak dira. Ehun gramo bi eurotan saldu dira.
Azoka musikatua
Datorren asteko azoka berezia izango da. Euskal Jaien barruan, Donostiako Musika Hamabostaldiarekin batera, azoka musikatua izango da: 11:00tan Eguzkilore Zortzikotea ibiliko da azokan zehar kantuan eta, jarraian, Goierriko Bertso Eskolaren eskutik, balkoitik balkoira bertsoak izango dira. Gainera, haurrentzako ipuin musikatuak eta Kalakan eta L´incontro taldeen kontzertuak izango dira egunean zehar.
Eguneko salneurriak
- Basarana: 5,50 euro/kiloa
- Babarrun txuria: 12 euro/kiloa
- Kalabazak:
- Tronpeta: 2,5 euro/kiloa
- Potimarron: 3 euro/kiloa
- Gerezi tomatea 4 euro/kiloa
- Physalis: 2 euro/100 gramo