Astigarragan sortutako egitasmoarekin bat egingo dute Asmubek eta udaleko Berdintasunerako Sailak. Bihar eta urriaren 3an, 17an eta 31n elkartuko dira puntua egiteko, udaletxean
Iaz, azaroaren 25eko ekitaldian, hariarekin egindako lanak erabili zituzten.
Iaz Labores Oteak hasitako bideari helduko diote Asmubek eta udaleko Berdintasunerako Sailak,
Matazak indarkeria sexistaren aurka egitasmoarekin bat eginez. Astigarragan (Gipuzkoa) sortutako proiektua da eta puntua eginez, harizko piezak lotuz, «genero berdintasunaren alde borroka egiteko beharrezkoa den batasuna» erakutsi nahi dute. Asmuberen esanetan, «egitasmo hau beste eskualde batzuetan ere egiten ari dira eta mugak gainditu ditu, Portugalen eta Suedian ere garatu dute, esate baterako».
Honela, irailean, urrian eta azaroan, hilean bi asteazkenetan, puntua egiteko elkartuko dira udaletxeko gela batean, 18:00etatik 20:00etara. «Behar den materiala tokian bertan egongo da erabilgarri, eta puntua egiten ez dakienak ikasteko aukera ere izango du». Bihar egingo dute lehenengo saioa, eta hurrengoak urriaren 3an, 17an eta 31n. Urriaren 6an, boluntarioen egunean, kalera aterako dute egitasmoa beasaindarrek ikus dezaten; Gernika pasealekuan Asmubek jarriko duen postuan egingo dute puntua.
Azaroaren 25ean
Azaroaren 17an, berriz, karpa bat jarriko dute Gernika pasealekuan, ordura arte egindako hari lan zatiak elkarrekin josteko. Azkenik, azaroaren 25ean, emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunean, egindako lana erakusgai jarriko dute elkarretaratzean. Asmubek beasaindarrak gonbidatu nahi dituzte hari matazak egitasmoan parte hartzera: «Kilometroak egitea lortu behar dugu».