Ampo Ordiziak eta Aldro Independientek jokatutako aurreko partida bat // Argazkia: Ainhoa Muriel
Puntu bakarreko aldearekin, hala galdu zuen Ampo Ordiziak atzo, Santanderreko Independienteren aurkako partidan. Partida bizia eta oso parekatua izan zen. Ordiziarrek 0-9 aurrea hartu zuten markagailuan, Valentin Cruzek gauzatutako hiru zigor kolperi esker. Aurreneko entsegua ordea, etxekoek egin zuten, 23. minutuan. Ordiziarrek ordea, aldeari eusten jakin zuten, eta 7-9 aurretik zirela iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarrenean indartsu atera ziren etxekoak, eta markagailuan aurretik jarri ziren, zigor kolpe batekin. Soriak entsegua egin zuen talde berdearentzat, eta Garciak gauzatutako kolpeari esker, abantaila hartu zuten. Ordiziarrek ordea, erreakzionatu eta eraso jokaldi batean, etxekoen jokalari bat kanporatu eta zigor entsegua lortu zuten, 17-16 markagailuan gerturatuz. 55. minutuan Julen Goiak entsegua egin zuen, talde ordiziarra berriz ere aurretik jarriaz. Ez zuen askor iraun pozak. 63. minutuan zigor kolpea eta 68.ean entsegua lortu zuten kantabriarrek, 27-21. Ez zegoen artean dena erabakita, hala ere. Iker Kortak entsegua egin zuen 76. puntuan, 27-26 gerturatuz.
Galdu arren, egindako lanarekin gustura etorri dira taldekideak. Bonus puntu bat ere lortu dute, gainera. Hurrengo partida bi aste barru izango da, Burgosen, maila gorenera igo berria den Aparejadores taldearen kontra. Autobusa antolatu du klubak.