Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute Oianguko sei bikotek
Ordiziako Oiangu pilota Elkarteko pilotariek Gipuzkoako pala motzeko txapelketari ekingo diote asteburu honetan. Gogotsu daude txapelketa honi heldu eta kantxan duten maila erakusteko. Ordiziako taldeko sei bikote izango dira guztira, Gipuzkoako tituluagatik lehian arituko direnak. Horietako bi bikote lehiatuko dira lehen mailan eta beste lau bigarren mailan. Bikote guztiek joan-etorriko ligaxka jokatuko dute, lehen fasean. Guztira, Gipuzkoako zortzi bikote izango dira lehenengo mailan eta beste 16 bigarrenean.
Maila gorenean, Beñat Ibarguren eta Azeari Andonegi, eta Garikoitz Arrieta eta Iñaki Agirre arituko dira. Lehenengoek, Oiartzunen jokatuko dute Txosten taldearen kontra, eta bigarrenek etxean hartuko dute Oiartzungo taldeko beste bikote bat. Etxeko partida, larunbatean jokatuko dute, Ordiziako Beti Alaipilotalekuan, 10:30ean.
Beste kategoriak
Lehenengo mailakoek amaituta, Oianguko bigarren mailako bi bikotek elkarren aurka jokatuko dute. Aitor Luzuriagak eta Zuhaitz Letamendiak indarrak neurtuko dituzte Xabier Ibarguren eta Imanol Olaranekin.
Aitor Otegik eta Martin Mendikoak berriz Donostian jokatuko dute. Altzatarraren aurka izango da hain zuzen ere. Hodei Irastorza eta Gorka Berasategik, ordea, Deban hasiko dute txapelketa eta Euskal Jolasen kontra jokatu beharko dute.