Ampo Ordiziak ezin izan du La Vila bere zelaian mendean hartu
Ampo Ordiziak ezin izan du La Vila taldea gainditu, Alacantera egindako bisitan. Partida parekatua izan zen oso, baina azkenean etxekoak gehiago izan ziren. 31 eta 24 irabazi du La Vilak, eta bost puntuak lortu ditu; Ampok berriz, defentsako bonusa lortu du.
Baja askorekin joan ziren ordiziarrak, eta nabaritu egin zuten jokalari garrantzitsu batzuen falta. Fernando Lopezek eta Julen Goiak selekzioarekin jokatu zuten, eta Siosiua Moala etxean gelditu zen, orkatilla minduta baitu.
Hala eta guztiz ere, ordiziarrek sendo ekin zioten neurketari, eta atsedenaldira 10-17 aurretik zirela iritsi ziren. Baina etxekoak irabazteko gogoz zeuden, eta bigarren zatian, ordiziarrek baino akats gutxiago egin eta gehiago asmatu zuten. Azkenean, 21 eta 7ko partzial bati esker, 31 eta 24 irabazi zuen La Vilak.
Defentsako bonusari esker, puntu bat gehiago batu du Ampo Ordiziak, baina ez da nahikoa izan 4. postuari eusteko, eta 6. tokiraino jaitsi dira. Hori bai, 2 puntuko tartean lau talde daude orain. Datorren jardunaldian izango dute hori konpontzeko aukera, etxean jokatuko baitute. Eta ez da nolanahiko partida izango, Hernaniren kontrako derbia izango baitute, igandean.