UGLEko langileek greba egingo dute bihartik ostiralera
Urola Garaiko Lanbide Eskola (UGLE) itunpeko ikastetxeko langileek greba egingo dute bihartik ostiralera, lan hitzarmen berria eskatzeko. Gaur kontzentrazioa egin dute. UGLEk 50 langile ditu eta %43ak egingo du greba
Urola Garaiko Lanbide Eskola (UGLE) itunpeko ikastetxeko langileek greba egingo dute bihartik ostiralera, lan hitzarmen berria eskatzeko. Gaur kontzentrazioa egin dute. UGLEk 50 langile ditu eta %43ak egingo du greba (irakasleen artean %66ak).
Azken lan hitzarmena 2009an sinatu zuten eta langile batzordeak erosketa ahalmenaren %12,4 galdu dutela salatu du. «Denbora honetan guztian 36 lan hitzarmen negoziazio mahai egon dira eta horrek gure negoziatzeko borondatea argi azaltzen du».
Patronalen jarrera, ordea, «immobilista» dela uste dute. «Patronalen erabateko immobilismoaren aurrean, 2017ko azaroan negoziaketak apurtutzat eman genituen eta mobilizazio aldia hasi genuen».
Lan hitzarmen mahaian berriro esertzeko, patronalei ondorengo eskaerak kontuan izango dituen proposamen bat aurkezteko eskatu diote: erosketa ahalmena pixkanaka errekuperatzea, errelebu kontraturako sarbide plana eta prekarizatuen eta feminizatuen dauden sektoreetako langileen lan baldintzak hobetzea.
Patronalek eskaintza «duin» bat aurkezten ez badu, gaurtik ostiralera greba egingo dute. «Ikastetxeetako patronal ordezkaritzak benetako negoziaketetara eramango gaituen eduki duineko eskaintza bat aurkezten ez digun bitartean, greba deialdia mantentzera derrigortzen gaituzte».