Valladoliden galduta, ligaren lehen erdia bosgarren tokian bukatu du Ampo Ordiziak
Valladolidetik esku hutsik bueltatu dira Marotias eta Garmendiaren mutilak. VRAC Quesos Entrepinares etxeko taldea nagusi izan da, bai zelaian eta baita markagailuan ere. Ampo Ordiziak gertu izan du defentsako bonusa, baina azkenean, 42 eta 12 galduta, punturik gabe etxera.
Partidaren hasiera parekatua izan da, baina goierritarren lehen akatsa Pablo Gilek aprobetxatu zuen, etxekoen lehen entsegua egiteko. Valentin Cruzek bi zigor kolpe gauzatu zituen ordiziarrentzat, eta 10-6ko markagailuarekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian ordea, denak emanda atera zen VRAC, eta 15-6 aurreratu ziren. Cruzek beste bi zigor kolpe asmatuta, 15-12 gerturatu ziren markagailuan, partida bukatzeko 25 minuturen faltan. Etxeko taldeak hobeto eutsi zion partidaren nekeari eta presioari, eta azken txanpan markagailua 42-12raino puztea lortu zuten.
Ligaren erdia jokatu dute dagoeneko, eta Ampo Ordizia 5. postuan da. 31 punturekin. 6 garaipen lortu dituzte ordiziarrek, berdinketa bat eta lau porrot. Hurrengo partida ere etxetik kanpo jokatuko dute; igandean izango da, Santboianaren aurka.