Jose Migel Santamaria izango da EAJren Ordiziako alkategaia
Santamaria 2007-2011 eta 2015-2019 urteen artean izan da Ordiziako alkate. EAJren ustez "lidergoa eta herritarrekiko gertutasuna" uztartu ditu.
Jose Migel Santamaria, Ordiziako egungo alkatea, izango da EAJ-PNVren alkategaia 2019ko udal hauteskundeetarako. Hala erabaki du alderdi jeltzaleak, herri mailan egindako barne prozesu baten ondoren, eta batzarrak ala berretsita. Dagoeneko ondoan izango duen lantaldea osatzen eta “Ordiziaren etorkizuneko erronkei erantzuna emango dien programa lantzen” ari dela azaldu du alderdiak.
Formakuntzaz Merkataritza Kudeaketarako Teknikaria da Santamaria. 2003an hasi zen politikagintzan, zinegotzi gisa. 2007an, alkate kargua hartu zuen, 2011. urtera arte. Lau urtez oposizioan egon eta gero, 2015ean bueltatu zen alkatetzara, gaur egunera arte. Legealdi honetan alor ekonomiko nahiz sozialean “herriak aurrera” egin duela dio EAJk, “gizarteko ordezkaritza zabalekin partaidetza prozesuak” bultzatuz. Ordiziak “bide horri eutsi” behar diola uste dute, eta horretarako “ezinbestekoa da egindako lanari jarraipena” ematea.
Iker Zeballos Ordiziako Uri Buru Batzarreko lehendakariaren hitzetan, “Ordiziak aurrera egin dezan anbizioz eta determinazioz” jokatu du Santamariak, “lidergoa eta herritarrekiko gertutasuna” uztartuz. Hala, haren udal taldeak egindako lanari jarraipena emateak “berebiziko garrantzia” duela uste du, “Ordizian ekonomiak, ongizateak eta herri-bizitzak aurrera” egin dezaten; eta horretarako, “egonkortasuna eta udal gobernu sendoa” beharrezkoak direla.