Goierri behean 33 mikroenpresa sortu dira 2018an
Enpresa horiei esker 52 lanpostu berri sortu dira, eta egin den inbertsioa 917.980 eurokoa izan da.
Goiekiko Ekintzailetza arloarentzat urte oparoa izan da 2018a. Goierri behean 33 mikroenpresa sortu dira –52 lanpostu– eta egin den inbertsioa 917.980 eurokoa izan da. Goiekira aholku eske inguratu diren pertsonak, hala ere, gehiago izan dira: 86. Garapen agentziak nabarmendu du 2016az geroztik joera goranzkoa izan dela, eta 2017ko igoeraren ondoren, iazko datuek erakusten dutela kontsolidazio bat egon badagoela.
Sortutako enpresa gehienak beste enpresa batzuei nahiz norbanakoei zuzendutako zerbitzuei lotuak daude, eta jarraian datoz merkataritzari eta ostalaritzari lotutakoak. Hainbat alorretako dira sortutako enpresak: arropa eta osagai dendak, tailer mekanikoak, arkitektura estudio, aholkularitza etxeak, komunikazio, diseinu eta publizitate arloko enpresak, dron bidezko filmaketa eta edizioak, software garapen zerbitzuak, marketin digital zerbitzuak, fisioterapia, osteopatia, fisiologia zerbitzuak…
Goiekik eraikin berria estreinatu berri du Ordiziako Arranomendin –Goierri Berrikuntza gunean–, eta zerbitzu bera ematen jarraitzeko prest dago. Negozio Berrien Fabrika (NBF) lehiakortasuna, elkartasuna eta berrikuntza bultzatzeko bokazioz sortutako eraikina da.