Mutiloako Udalak 2019rako 576.000 euroko udal aurrekontua onartu du
Meatzeetako bidea asfaltatzea eta Agerreko eta Gerrikagoitiko baserrietako bideak konpontzea dira bi proiektu nagusiak. Errotatxorako proiektua egitea ere aurreikusi dute aurtengorako
Mutiloako Udalak 576.000 euroko udal aurrekontu proiektua onartu zuen 2019rako urtarrilaren 30eko osoko bilkuran. Ohiko gastu arruntekin batera, proiektu nagusien artean dago meatzeetako bidea asfaltatzea. Iñaki Ugalde alkatearen esanetan, 120.000 euro gorde dituzte horretarako eta martxo-apiril hasiera aldean egingo dituzte lanak, eguraldia hobetzen denean.
Bideen konponketekin lotuta, Agerre eta Gerrikagoiti baserrietako bideen berrikuntzak sartu dituzte aurrekontuan.
Errotatxoa
Bestalde, Errotatxorako proiektua egitea ere aurreikusi dute Mutiloan. «Zerbait egin nahi da. Laguntza batzuk lortuta badaude, baina lehenengo proiektua egin behar da. Aurrekontuan sartu dugu proiektua egitea eta gero ikusiko dugu zer egingo dugun. Kanpotik berrituta dago, ez dauka erortzeko arriskurik».
Udal artxiboa txukuntzen ari dira udaletxean. Ugalderen esanetan, «10 bat urte izango dira azkeneko txukunketa egin zela eta beste astindu bat emango diogu».
Azkenik, 2018ko udal aurrekontuaren likidazioa egindakoan geratuko den soberakinarekin beste proiektu batzuk egiteko aukera egongo dela aurreratu du Mutiloako alkateak.