"Sailkapen nagusirako borrokan aritzeko moduan nago"
Ion Izagirre ormaiztegiarra bigarren sailkatu da Valentziako Itzuliko aitzin-etapan. Astana taldearen maillotarekin lehiatu den lehen lasterketa ofiziala izan da.
Ion Izagirre txirrindulari ormaiztegiarrak hasiera bikaina eman dio denboraldiari. Valentziako Itzuliko lehen etapan (Orihuela-Orihuela, 10,2 kilometroko erlojupekoa) bigarren sailkatu zen atzoEdwal Boasson Hagen (12:55) irabazlearengandik bost segundura (13:00). Tony Martin alemaniarra izan zen hirugarrena (13:02).
“Sentsazio onak izan nituen egun osoan zehar. Astanarekin korritu dudan lehen eguna da, eta oso pozik nago emaitzarekin. Neguan gogor egin dugu lan, eta erlojupekorako posizioa ere landu du. Postu oso ona da bigarrena niretzat eta taldearentzat. Sailkapen nagusirako borrokan aritzeko moduan nagoela uste dut”, adierazi du Izagirrek Astanaren webgunean.
Gaur Alacant-Alacant etapa jokatuko da (166 kilometro), eta bigarren mailako bi mendate eta hirugarren mailako bat igo beharko dituzte ziklistek. Valentzian bukatuko da itzulia, igandean.