Zelai Amenabarro izango da EH Bilduren alkategaia Legorretan
Legorretako EHBildik Zelai Amenabarro aurkeztu du maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako alkategaitzat.
Zelai Amenabarro izango da Legorretako EH Bildu koalizioaren alkategaia 2019-2023 agintaldirako, datorren maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan. Gaur arratsaldean egin dute herritarren eta komunikabideen aurrean aurkezpena.
EH Bilduk antolatutako prozesu parte hartzailean izena emateko epea agortuta, hautagaitza bakarrak Herriko Hauteskunde Batzordearen aho bateko babesa izan du. Orain dela lau urte eman zuen baiezkoa Legorretako alkategai izateko eta Amenabarrok berak nabarmendu duenez, «lau urtean egindako lana eta pilatutako esperientzia oinarri hartuta, berriro EH Bilduren hautagaia» izango da. Erronkari «ilusioz» heldu zion orain dela lau urte eta «ilusio handiz» dator orain ere. Urteotako lanari jarraipena emateko asmoa du.
1985ean jaioa da Amenabarro, Legorretan bertan. Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi zuen EHUren Gasteizko campusean. 2008. urtean hasi zen lanean Berria egunkarian, euskara taldean, zuzentzaile eta itzultzaile, eta hala ibili da 2018ra arte. Gaur egun, eszedentzian dago, Legorretako Udalean duen alkate karguari behar bezala erantzuteko. Legorretako Udaleko alkate izanik, beraz, proiektuari segida eman nahi lioke, lantalde eraberritu baten babesarekin, esperientzia eta berrikuntza uztartuz.