Gurutzen lurpeko garajeak eta urbanizazioa egiten astelehenean hasiko dira
Lazkaoko Gurutze 1-2 dorreen artean eta Hirigoien 14-18 tartean egingo dituzte lanak. Lurpeko 34 garaje eraikiko ditu Muriasek, haren kontura eta onurara. Urtebete iraungo du exekuzioak
Hirigintza lan esanguratsu bati ekingo diote Lazkaon, astelehenean. Gurutze auzuneko lehenengo bi dorreen aurreko plaza erabat birmoldatuko du obrak. Lurpeko garajeak eraikiko dituzte, batetik. Bestetik, kalearen gainazala ere berrituko dute.
Gurutze 1-2 eta Hirigoien 14-18 atarien artean garatuko da berrikuntza. Etxe multzoen tarteko plazatxoa guztiz altxatuko dute. Lur azpiko egitura bat eraikiko du han Murias enpresak. 34 garaje itxi egingo ditu.
Lehiaketa bidez, administrazio-esleipena Muriasi eman zion udalak. Garajeen eraikuntza-kostua enpresak hartuko du bere gain. Halaber, eraikitzailea bera arduratuko da, ondoren, garajeak saltzeaz eta kobrantzak egiteaz. Jabetza pribatukoak izango dira. 21.500 euro gehi dagokion BEZa kostatuko da garaje bakoitza. Interesatuekin hartu-eman bilerak egin dituzte jada.
Hamabi hilabeteko epea
Bestetik, jarduera berean baina Lazkaoko Udalaren kontura, Gurutzeko gainazaleko eremu bera birrurbanizatuko dute. Atal horrek 816.635 euroko kostua izango du. Muriasek egingo du.
Astelehenean itxiko dute obrak egingo dituzten esparrua. Lanek 12 hilabeteko iraupena izatea aurreikusi du Lazkaoko Udalak, ohar baten bidez.
Lanen garaian, zenbait aldaketa eta desbideraketa egingo dituzte, ohiko pasabideetan. Zirkulazioan, aparkalekuetan, atarien parean eta oinezkoen pasabideetan hainbat eragozpen sortuko direla aurreratu du udalak. Jarriko dituzten seinaleei eta langileei kasu egiteko eskatu du.