Ordiziako kultur eredua finkatzeko Kulturlab prozesua martxan da
Kultiba aholkularitza taldeak gidatuko duen prozesuak herritarren partehartzea bultzatzea du helburu. Otsailaren 14an aurkeztuko dute herriko eragileen aurrean.
Abian da hurrengo urteetarako Ordiziako kultur eredua finkatzeko Kulturlab izeneko prozesua. Atzo arratsaldean aurkeztu zuen Ordiziako Udalak prentsaurrean. Egitasmoaren garrantzia eta herritarrak parte hartzera anima daitezen deialdia egin dute Jose Migel Santamaria Ordiziako alkateak, Joseba Aranburu kultura zinegotziak, Iñaki Hidalgo teknikariak eta prozesua kudeatuko duen Kultiba enpresako Aintzane Lekunberrik.
Kultur eredua finkatze aldera, beharrak, erronkak, arazoak, interesak, nahiak, ideiak eta aurrikusitako proiektuak identifikatzea da asmoa. Azterketa egin ondoren, ondorioak atera era irtenbideak proposatuko dituzte. Fase horretan, kultur ekipamenduei dagokienez, Herri Antzokiak protagonismo berezia izango du. Izan ere, herrian kulturaren ardatzetako bat izanik, espazio horrren erabileren eta programen diagnosia eta definizioa egingo dira.
Lan lerroari dagokionez, “plan honen emaitzak prozesu parte hartzaile baten emaitza izan behar dutela” uste du udal gobernuak. Herritarrek, politikoek eta herriko eragile desberdinek parte hartzea proposatzen dute.
Hiru atal
Hiru ataletan banatu du udal gobernuak egitasmoaren garapena: Egungo egoeraren azterketaren garapena eta tendentzia berrien azterketa; Ordiziako kultur eremuaren erronka eta nahiak markatzea; eta azkenik, maila teknikoan, plan operatiboaren garapena etaekipamenduen erabilera plana diseinatzea. Hori eginda, bertatik irtendako akzioak faseka jarrikop dituzte martxan.
Prozesua errazteko asmoarekin, Kultiba kultur aholkularitza erakundea kontratatu dute, prozesuaren funtzionamendu egokia bermatzeko.
Parte hartzea
Prozesuan, parte hartu nahi dutenen ekarpenak jasoko dituzte. Otsailaren 14an, 19:00etan egingo dute eragileei, herritarrei eta interesa duten guztiei zuzendutako aurkezpena. Hitzordua, Barrena Kultur Etxean izango da.
Online plataforma bat ere jarriko dute martxan informazioa partekatzeko. Era berean, iradokizunak jasotzeko eposta ere egongo da: kulturlab@ordizia.eus.