Oroimen historikoa biltzeko ekimena sortu dute Olaberrian
Olaberriko oroimen historikoa berreskuratzeko helburuz, lanean jarraitzeko asmoa dute olaberritarrek, eta ekimen batean gorpuztu dute. Edozein herritarrek parte har dezakeen talde bat eratu dute, eta deialdia egin dute Olaberriko Udalaren bitartez.
1936ko gerrako gertaerak eta bizipenak, eta gerraosteko bizimodua eta oroitzapenak biltzea da egiteko nagusia. Bi modutara parte har liteke. Batetik, taldearekin bat egin eta han zehazten diren lanetan jardunez. Bestetik, gaiari buruz kontatzekoa duenak, oroimen historikoa aberasteko ekarpen hori eginez.
Testigantzak emateaz gain, etxeetan egon litezkeen argazki zaharrak, ganbaran gordetako osagaiak edo gauzak emanez ere kolabora liteke.
Orain arte jasoa ugaritzeko
Egitasmoak sorburua Marcelo Lasa Zeberio olaberritar zenaren gorpuzkien aurkikuntzan du. 1936an, gerra piztu berri zela hil eta Lizarrustin lurperatu zuten, 17 urte zeuzkala. Iazko irailean aurkitu eta atera zituzten hezurrak, familiartekoen ekimenez.
Informazio ugari eman dute harrezkero olaberritarrek, gerra garaikoa. Galtzen ezin zela utzi, eta talde irekia sortzea eta lanketarekin jarraitzea erabaki dute. Bi bide jarri dituzte kontakturako: telefonoz (648 055 688) edo postaz (olaberrikomemoriarenahotsak@gmail.com).