Osasungintzan lehen arreta ontzeko neurriak eskatu dituzte langileek
Inbertsio handiagoa galdegin dute Lehen Arretan .Ospitalearen «zerbitzari» ez duela izan behar diote .Kontsulta-muga 30ean nahi dute, gehiago izatea «arriskua» delako
«Baliabide gehiago behar dira Lehen Arretan, hori baita osasun-sistema». Hala erantzun dute Osakidetzako lehen osasun arretako langileek, zerbitzuan ikusi dituzten gabeziak iraultzeko beharra. «Arriskuan» dakusate lehen osasun arretaren kalitatea. Azken asteetan bezala, ordu laurdeneko lanuztea eta bilkura deitu du gaurko Lehen Arreta Arnasberritzen foroak anbulatorioetan eta osasun zentroetan deituta, Lehen Arreta itolarrian, zure osasuna ere bai lelopean.
Murrizketak eten, eta inbertsioa gehituz egoera iraultzea eskatu dute osasungintzako langileek. Oro har, sistema publiko osoa «hondatzen» ari dela ohartarazi dute, baina bereziki larritzat jo dute Lehen Arretakoa: «Gero eta inbertsio txikiagoa egiten da, kontuan izan gabe Lehen Arretan ematen diegula irtenbidea osasun arazo gehienei, gastu murritzagoz eman ere».
Osasun kudeaketaren ardatza ospitalea dela kritikatu dute: «Ospitale gestioa eta Lehen Arretarena batu egin dituzte, eta Lehen Arreta ospitalearen zerbitzaritzat hartu dute». Hainbat eskari proposatu dituzte.
Ordezkorik ez, karga gora
Batetik, kontratu duinak. Opor, gaixoaldi edo lanaldia mozteagatiko hutsuneetan ordezkarpenik ez dela egiten salatu dute. «Bien bitartean, lankideak atzerrira doaz, kontratu duinik ez dutelako hemen. 2011tik 2016ra, mila medikuk baino gehiagok eskatu zuten egokitasun ziurtagiria, atzerrian aritzeko gaitasuna aitortzeko». 2026rako, 4.000 medikuk 65 urte beteko dituztela ere aurreratu dute.
Lehen Arretako mediku batek lanaldiko gehienez 30 kontsulta pasatzea eskatu dute, eta erizain banak laguntzea. Formakuntza, irakaskuntza eta ikerketarako lanorduak aintzat hartzea ere galdegin dute. «Eguneko, 40-50 paziente artatu behar izaten ditugu. Horrek arrisku larriak dakartza, akats probabilitatea eta balizko kalteak ugaritzen direlako». Egoera hobetzeko, Lehen Arretako aurrekontua 2019an %20 igo beharra kalkulatu dute, eta 2021ean Osasunaren Munduko Erakundeak aholkatutako %25era iritsi.
Giza-baliabide plana garatzeko eskatu diote administrazioari, jubilazio eta hutsuneen ordezkapenak egin, eta lan-taldeen egonkoratasuna bermatzeko.